Gasteizko Mugimendu Feministak jakinarazi du hemendik aurrera aktibo egongo dela auzoko jaietan erasoen aurkako protokolo feminista. Jaiak dirauten bitartean 24 orduz martxan egongo da salaketak jasotzeko telefonoa. Aurten 747 414 834 zenbakia jarri dute eskuragarri, eta hainbat gunetan elkarbanatu eta landuko dute protokoloa: Txagoko jaietan, Judimendikoetan, Salburuan, Adurtzan eta beste. Azaldu dute helburua dela "parranda eta txosnaguneak espazio seguru, anitz eta feministak izatea".
Mugimendu Feministak ohartarazi du jaietan parte hartzen duten pertsona guztien ardura dela eraso sexisten aurkako konpromisoa. Askotan jarrera oldarkorrak eta zuzeneko erasoak ingurune hurbilenean identifika daitezkeela esan dute, eta lagun taldeen ardura dela talde-lanean geldiaraztea eta, behar izanez gero, laguna jai girotik aldentzea. Gizonek prebentzioan zeregin berezia dutela nabarmendu dute.
Hiru esparrutan eragiteko asmoa du protokoloak. Lehenik, pedagogikoa, protokoloa martxan jartzerakoan eta ezagutzera ematerakoan zabaltzen baita erasoen aurkako kultura. Azaldu dutenez, protokoloak indarkerien inguruko hausnarketa, formakuntza eta lanketa kolektiboa egitea du helburu. Bestetik, prebentzioan ere badu garrantzia protokoloak, MFren iritziz. Protokoloa existitzeak berak eragin dezakeelako erasoei aurrea hartzeko tresna gisa. Azkenik, erantzuna emateko balio du, erasoen aurrean jarrera irmoa adierazteko aukera ematen duelako, "erantzun kolektiboa artikulatzeko baliabide eta tresnak sortzen dituelako".
Gasteizko Mugimendu Feministatik azaldu dute protokoloa sortu dela azken urteetan zehar izandako saiakera eta akatsetatik ikasiz eta kolektiboki hausnartuz. Erasoei aurre egiten laguntzeko printzipio, oinarri eta balio komunak ezartzen ditu protokoloak, baina ez da tresna zurruna. Irekia dela esan dute, tokian tokiko egoera eta baldintzen arabera moldatzeko modukoa. Beraz, eraso baten aurrean protokolo arduradunek zilegitasun osoa dute momentuan nola erantzun erabakitzeko, MFren esanetan. Erasoa eman eta hurrengo egunean publikoki salatzeko elkarretaratzea deituko da berez, baina kasuan kasu aztertzen joango dira deialdia egin ala ez.