ASAFES, Osasun mentala duten pertsona eta senideen Arabako elkarteak urteak daramatza suizidioaren prebentzioa lantzeko bultza egiten. Azken bost urteetan suizidioaren gaia lantzeko mintegiak antolatu dituzte, eta aurten seigarrena. Ekainaren 14an, Gasteizko Europa jauregiko Maria de Maeztu aretoan hiru hitzaldi nagusi izango dira goiz osoan zehar. Arlo honetan lanean dabiltzan profesionalei bideratutako jardunaldia izango da gehienbat. Horregatik jarri diote izena Suizidioari begirada bat praktikatik.
Osasunaren Munduko Erakundeak lehentasunezko gaitzat hartzen du suizidioa, askotan saihestu daitekeena gainera esku hartze egokia egin ezkero. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 174 pertsonak egin zuten beren buruaz beste 2022. urtean, pertsona batek bi egunean behin. ASAFESetik adierazi dute arazo horri gizarte bezala erantzun beharra dagoela eta, horretarako, beharrezkoa dela neurriak lantzea suizidioaren prebentzioa indartzeko. Gizarteko esparru ezberdinen arteko lankidetzari garrantzia berezia eman diote zabaldutako oharrean, hala nola, osasun zerbitzu eta larrialdietatik, hezkuntzatik eta gizarte zerbitzuetatik.
Bi psikologo eta kazetari bat arituko dira jardunaldietan hitzaldiak ematen. Lehen hitzaldian jokabide suizidan esku hartzea landuko dute, kasu praktikoen bidez. Bigarrenean berrikusi egingo dituzte praktika profesionalean jokabide suizidarekiko dituzten jarrerak eta, amaitzeko, "La niña amarilla" proiektua aztertuko dute, komunikazio (arduratsua) prebentzioa da gaiaren bueltan. Doan parte hartu daiteke jardunaldietan, eta informazio gehiago topatzeko aukera dago ASAFESen webgunean.