Guardia Zibilak Santsomendiko kuartela zabalduko die hiritarrei lehen aldiz

Erredakzioa 2024ko ekainaren 5a

Guardia Zibilaren ate irekien aurkezpena. Argazkia: Marisol Garmendia

Marisol Garmendia Espainiako gobernuak EAEn duen ordezkariak esan du "normaltasun osoz" hartu behar dela ekimena. Egun historikoa izango dela adierazi du Guardia Zibilak. Haurrentzako jarduerak izango dituzte.

Larunbatean, ekainaren 8an, lehen aldiz ate irekien jardunaldia egingo dute Santsomendiko Guardia Zibilaren kuartelean. Marisol Garmendia EAEko espainiar gobernuaren ordezkariak adierazi du Guardia Zibila "gizarteari hurbiltzea" dela ekimenaren helburua, eta "normaltasun osoz" hartu behar dela. Bizi dugun normaltasun zibiko eta demokratikoaren erakusle dela gehitu du.

Bi orduz Guardia Zibilaren jarduera esparru ezberdinak ezagutu ahal izango dituzte hurbiltzen direnek, eta "ekintza interaktiboak" ere egongo direla iragarri dute. Halako ekimenak ohikoak omen dira espainiar estatuko beste zonalde batzuetan, Guardia Zibilak dioenez, eta "Euskadin ere normaltasuna lortzea" da indar armatuen asmoa. Espainiako gobernuaren ordezkaritzak zabaldutako ohar batean esan dute helburua dela "gazte zein helduek lehen eskutik" ezagutzea Guardia Zibilaren espezialitateak.

Txikienentzako jarduerak ere egongo dira larunbatean. Haurrak igoko dituzte Guardia Zibilaren trafikoko motorretan eta GEAS unitateen uretako motorretan. Beste hainbat gailu ere erakutsiko dituzte, txikienei zuzenduta, Pegaso unitatearen dronea, adibidez. Amaitzeko, trebatutako txakurren erakusketa egingo dute.

Azken hilabeteetan gehiago ateratzen hasi dira Santsomendiko guardia zibilak. Maiatzaren 14an, lehen aldiz, desfile militarra egin zuten kuarteletik kanpo, Santsomendiko kaleetan, ospatzeko Espainiako erakunde armatuak 180. urte bete zituela. Santsomendi da Gasteizen Vox alderdi ultraeskuindarrak boto gehien ateratzen dituen auzoa.

Maiatzaren 14an Santsomendiko bizilagun batek grabatutako desfile militarra. Bideoa: ALEA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago