2022an aurkeztu zuten Gazte Euskaltzaleen Sarea. Euskal Herri osoan zehar hizkuntzaren aldeko "borroka antolatua" egiteko asmoz sortu zen, gazteen ikuspegia txertatzeko euskararen aldeko ekimenetan. Ordutik hainbat proposamen egin dituzte, Gazte Euskaltzaleen Lehen Topaketa egin zuten iaz Aretxabaletan, eta hainbat hausnarketarako espazio zabaldu dituzte herri ugaritan. Bigarren topaketak aurkeztu dituzte, oraingoan Gasteizen, Judimendiko Auzo Elkartean egingo direnak. Gazte euskaltzaleak biltzea dute helburu, euskaragatik borrokatzeko gogoa duten gazteak elkartu eta batera hausnartzeko.
"Gazteok harrotu, errotu eta saretu" izan da aurtengorako hautatu duten leloa. Goizeko hamarretan abiatuta, hainbat hitzaldi, tailer eta eztabaida antolatu dituzte. Euskararen gaur egungo egoeraz eta aurrera begirako erronkez hitzaldia izango da 10:00etan. Tailerrak izango dira ondoren. Bat hezkuntzan euskararen egoera aztertuko dute, eta bestean ea nola eraiki daitezkeen herri euskaldunak gazte mugimenduetatik.
Gazte Euskaltzaleen Sareak azken urtean izandako ibilbidearen balorazioa egiteko aukera ere izango da bertan. Azkenik, Euskal Herri euskalduna lortzeko beharrezko norabideari buruz hausnartu eta eztabaidatuko dute. Bazkariarekin amaituko dute egitaraua. Parte hartzea jakinarazi eta bazkarirako izen emateko aukera dago esteka honetan sakatuta.
"Euskaraz bizitzeko bokazioa" aipatu izan dute GESeko kideek sorreratik, eta belaunaldi gisa heldu nahi izan diote euskaraz bizitzeko erronkari. Horren adibide dira iaz bederatzi gaztek euskara hutsean bizitzeko egindako apustua, edo Euskal Herrian Euskarazen Harrotze Astea, Gazte Euskaltzaleen Sareak ere babestu zuen ekimena.