Hitzarmen propioa eta lan baldintza duinak eskatu dituzte Armentia Ikastolako jantokiko langileek

Erredakzioa 2024ko eka. 4a, 10:13

Jantokiko langileen elkarretaratzea. Argazkia: Antolatzaileak

Jantokiko langile guztien lan hitzarmenak iraungita daudela salatu dute. Armentia ikastolari leporatu diote langileekiko duen erantzukizunari uko egitea.

Armentia ikastolako jantokiko langileek, begiraleek eta sukaldeko arduradunek, elkarretaratzea egin dute gaur goizean, dituzten lan baldintzak salatu eta lan hitzarmen propioa eskatzeko. Salatu dute inoiz ez direla ikastolako langileak izan, beti kanpoko enpresen esku utzi dutelako jantokiaren kudeaketa, eta kritika egin diote ikastolari, jantokiko langileekiko daukan ardura ez hartzeagatik.

Ohartarazi dute jantokiko langile guztiek, bai begiraleek zein sukaldekoek, lan hitzarmenak iraungita dituztela, Aisialdiko lan hitzarmena eta Arabako ostalaritzaren lan hitzarmena hurrenez hurren. Bereziki larritzat jo dute sukaldeko langileen egoera, 2019tik ez dutelako izan soldata igoerarik. 500 haur ingururi jaten ematen diete egunero, eta gehiegizko ratioak salatu dituzte. Azaldu dute begirale batzuek 40 haur baino gehiagoren ardura dutela bakoitzak.

Jantokiko langileen egoera pertsonaz pertsona aldatzen dela ere kritikatu dute. Zeregin berdinetan dabiltzan langileek lan hitzarmen eta kontratu ezberdinak dituztela adierazi dute, soldata ezberdintasun nabarmenekin. Bestalde, Madrilen sinatutako lan hitzarmen are prekarioagoak ezartzen saiatu izana egotzi diote enpresari. Ausolan enpresarekin negoziatzen saiatu ziren langileak martxoan, hitzarmen propio bat eskatzeko, baina ezezkoa jaso zuten enpresaren aldetik. Salatu dutenez, ikastola enpresarekin biltzekoa bazen ere, adierazi dute ez dutela erantzunik jaso.

Lan baldintzak kaxkarrak izanda ere, aipatu dute ahalegin handiak egiten dituztela ikastolako haurrek ahalik eta arreta onena jaso dezaten. Hala ere, eskaera egin diete Ausolan enpresari eta, batez ere, Armentia ikastolari, egoerari konponbidea jar diezaioten.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago