45 urteko emakume bat hil da gaur gauean Juan Garai kaleko tunelean (Zaramaga) istripu larria izan eta gero. Emakumeak gidatzen zuen autoak bi erreiak banatzen dituen zutabearen kontra jo duenean jazo da ezbeharra. Kolpearen ondorioz, autoaren aurreko aldea guztiz txikituta geratu da.
Gasteizko suhiltzaileek gidaria askatu dute autotik, eta larri zaurituta eraman dute Txagorritxuko ospitalera. Gaur goizean jakinarazi dute azkenean emakumea hil dela. Momentuz ez da ezagutzen autoaren kontrola galdu izanaren zergatia.