Askoa Etxebarrieta Lasherasek, La Pulgak, bigarren ikuskizuna aurkeztuko du Berriketan proiektuaren barruan. Flamenkoaren doinuak eta txalaparta berriketan jarriko dituzte musikariek eta dantzariak, beste behin ere. Izan ere, Arima izeneko bigarren sorkuntza ekarri du taldeak, ekainaren 13an taularatuko dutena Vital Fundazioa Kulturunean, 20:00etan.
Urteak daramatza La Pulgak flamenkoa Euskal Herrian zehar zabalduz, eta oraingo honetan euskal jatorriko musika tresna sartu dute ikuskizunean, fusio emankorrean. Berriketan proiektuaren lehen edizioak izandako arrakastaren ondoren, bigarren ikuskizuna aurkeztuko dute orain. Txalapartaren ttakuna buleria erritmoan, "alegria takoneoak", euskarazko "kantea" eta zortzikoak flamenko doinuekin.
Mikel Aveiro eta Aitor Korta dira txalaparta joleak, Miguel Linares gitarran, Adrian Larrañaga perkusioa jotzen eta Eider Elorza eta Angel Lopez de Toro ahotsetan. Musikariek lagunduta dantzan arituko da Askoa Etxebarrieta Lasheras La Pulga. Vital Fundazioa Kulturunearen A aretoan izango da emanaldia ekainaren 13an, bost euroren truke. Hemen erosi daitezke sarrerak.