"Sexu lana lana da, eskubideak guztiontzat" lelopean elkartu dira dozenaka pertsona gaur eguerdian Gasteizko faroloian, Putxs en Lucha eta Gasteizko Mugimendu Feministak deituta. Ekainaren 2a sexu langileen eskubiden aldeko nazioarteko eguna dela eta, bezperan egin dute mobilizazioa. "Epai moralistek" sexu langileak estigmatizatzen dituztela salatu dute, eta atzerritartasun legeak emakume migratuei erregulazio eskubidea ukatzen diela.
Gasteizko Mugimendu Feministak adierazi du feministak, antiarrazistak eta antikapitalistak diren heinean, eta langileen eskubideen alde borrokatzen dutenez, ezinbestekoa dela sexu-langileen eskubideen alde ere borrokatzea. Sexu lana eta trata edo salerosketa kontzeptuak banandu nahi izan dituzte, ohartaraziz "dena trata da" leloak ez duela aintzat hartzen erabakitako sexu lana badagoela eta, bestalde, ez zaiola benetako irtenbiderik ematen trataren arazoari.
Putxs en Lucha kolektiboa aspalditik ari da erregularizazioa eskatzen sexu langileentzako. Azken mobilizazio hau egitarau zabalago baten barruan kokatu dute, sexu langileen eskubideen aldeko nazioarteko egunaren harira antolatu dutena. "Puta estigma suntsitzeko" asmoz ekimen ezberdinak egin dituzte Donostian eta Bilbon ere. Bihar, ekainak 2, puta estigmari buruzko tailerra antolatu dute Bilbon eta, ondoren, gaueko manifestazio bat egingo dute estigmaren aurka.
Gasteizko Mugimendu Feministak elkarretaratzean gogorarazi du, sexu lanaz haratago, beste lan eta ofizioetan ere sarri gertatzen direla genero zapalkuntza, bortizkeria egoerak eta lan esplotazioa. Salatu dute sexu lana debekatzen saiatzeak soilik lortzen duela jada prekarizatuta dauden pertsonak "klandestinitatera kondenatzea". Egoera honen aurrean aldarrikatu dute giza eskubide zein lan eskubideen aitortzak eta errespetuak bakarrik ematen duela zapalkuntza horietatik ihes egiteko aukera.