Euskararen Hiria ekimena lizitaziora atera duela iragarri du Gasteizko Udalak. Aurreratu dutenez, egun osoko ekimena izango da, hamabi ordukoa, eta "bata bestearen ostean" pilatuko dira ekimenak. EH Bilduren eta udal gobernuaren arteko aurrekontu akordioari esker aterako da lizitaziora ekimena.
"Jarduera parte hartzailea izango da, euskalgintzaren, kulturgintzaren, aisialdiaren eta kirolaren arloetako elkarte eta eragileek, besteak beste, ospakizun giroan bat egin dezaten", azaldu du udalak.
Diotenez, publiko desberdinak aintzat hartuko dituzte programazioan: familiak ez ezik, euskara ikasten ari direnentzako jarduerak egongo dira. Momentuz xehetasunak aurreratu ez badituzte ere, iragarri dute musika, jokoak, ikuskizunak eta jarduera parte hartzaileak programatuko dituztela.
Datu soziolinguistikoak gogora ekarri ditu udalak. Lau urtetik gorakoen %28,9 euskaldunak dira hirian; %16,3 euskaldun hartzaileak, eta %54, erdaldunak.
"Euskararen erabilera sozialaren sustapenarekin eta hizkuntza arloko biziberritzearekin lotuta egindako ibilbideari eta bilakaerari balioa eman" nahi diotela adierazi du Maria Nanclares Euskara zinegotziak.
EH Bilduko zinegotzi Maider Uriartek, berriz, nabarmendu du "azken urteotako bilakaerari erreparatuz", ziurrenik ez dela "Europa osoan hizkuntza bat halako tamainan biziberritu duen beste hiririk". Hori dela eta, prestatzen adi diren ekimenak "prozesu hori bultzatzen jarraitzeko gogoa hauspotzea eta indarrak biltzea du helburu".