Mozal legea aplikatuta ia 300.000 euroko isuna ezarri die Eusko Jaurlaritzak Ernaiko 133 gazteri. Hala salatu du gazte erakundeak goizean egindako agerraldi jendetsu batean. Modu horretan, Ernai "ekonomikoki itotzen eta politikoki deuseztatzen" saiatzen ari direla gaineratu dute. "Errepresio ekonomikoa da XXI. mendearen errepresioaren aurpegi nagusia", esan dute; "ez du hainbesteko larritasuna sortzen, ez da hain ikusgarria, eta auziak indibidualizatzen ditu".
Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen kontrako espetxeratze agindua salatzeko, Ernaik bi protesta egin zituen Bilbon eta Gasteizen 2023ko irailean. Gasteizen Ertzaintzaren komisarian kateatu ziren eta trafikoa moztu zuten. Bada, protesta horietan identifikatutako 133 gazteei 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak heldu zaizkie, 290.500 euro orotara. Administrazioarekiko auzietako epaitegian isunen aurkako helegitea aurkeztu eta prozesu judiziala abiaraziko dutela aurreratu dute agerraldian Ernaiko kideek, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailaren jarrera "neurrigabea" eta "arbitrarioa" salatzeko.
Bestalde, isunek kostu ekonomiko "oso larria" dakartela azpimarratu dute, eta antolakundearen jarduna bera aurrera eramatea oztopatzen duela ohartarazi dute. Horregatik, dei egin dute datozen hilabeteetan antolakundearen jarduna babesteko irekiko duten kanpaina ekonomikoan parte hartzeko. Besteak beste, elkartasun zozketa eta crowdfunding bat antolatu dute.
"Hau ez da ausaz gertatu, –baloratu dute– urteetan Ernairen aurka izan duten obsesio etengabean beste urrats bat da. Izan ere, gure proiektua deserosoa zaie. Geroz eta gehiago gara, geroz eta gazte independentista gehiago, gero eta gehiago batu eta aurrera egiten dugunok, eta guk zein gure proiektuak gero eta babes zabalagoa du. Hori guztia ezkerreko independentismoa hegemonia politiko eta ideologikoa irabazten ari den unean dator, instituzioetan, masa mobilizazioan zein mugimendu sozialetan. Aldaketak eragiteko gaitasuna dugu, gazteon bizitzak hobetzeko eta herri honen etorkizuna marrazteko. Aurrera goaz, gehiago gara eta haiek beldur dira", azpimarratu dute.