Zerbitzu minimoak "gehiegizkoak izan arren", arrakastatsua izaten ari da ELA eta LAB sindikatuek Arabako zahar egoitzetan eta etxebizitza komunitarioetan deitu duten greba eguna. Hala ziurtatu du ELAk ohar batean. Gainera, gaurko egunez, sektore desberdinen aldetik izaten ari diren babesa azpimarratu du ELAk. "Pentsiodunen mugimenduarekin, senideen kolektiboekin eta mugimendu feministarekin batera egindako lana aipatu behar da. Araban zaintza lanak duintzeko prozesuan, ELAk uste du elkarlan hori oso positiboa eta beharrezkoa dela".
Guztira, 34 greba egun egin dira dagoeneko erresidentzietako langileen aldetik lehen hitzarmen probintziala aldarrikatzeko. Gaurko egoera "prekarioaren" aurrean aldundiaren eta patronalaren interes falta salatu du ELAk. "Hitzarmenaren negoziazio mahaia blokeatuta dago orain dela urte bat baino gehiago, patronalen borondate eskasagatik eta Arabako Foru Aldundiak sektoreko langileen baldintzak hobetzeko duen interes faltagatik. ELArentzat onartezina da zaintza sektore hau erabateko prekarietate egoeran izatea. Soldatei dagokionez, LGSaren inguruan daude, gehiegizko partzialtasuna dago, urteko 1.784 orduko lanaldia dute, gehiegizko ratioak jasan behar dituzte eta lan osasunaren prebentziorik ez dago", esan du sindikatuak.