Udaltzainburua bere postutik kentzeko agindu du Gasteizko epaitegiak

Erredakzioa 2024ko maiatzaren 29a

Roberto Garcia Tobalina udaltzainburua, Maider Etxebarria eta Iñaki Gurtubiarekin. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

ELA sindikatuaren eskariari jarraituz hartu du kautelazko neurria epaileak.

Gasteizko administrazioarekiko auzietarako lehen epaitegiak Gasteizko Udaltzainburuaren izendapena atzera bota zuen 2023an, ELA sindikatuak genero diskriminazioagatik aurkeztu zuen salaketa medio. Gasteizko Udalak helegitea aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian, eta oraindik epaiaren zain daude. Bitarte horretan, ELAk kautelazko neurriak eskatu ditu, eta Gasteizko auzitegiak horiek onartu eta behin-behinean baliogabetu du Gasteizko Udaltzaingoaren buruaren izendapena. 

ELAk gogoratu duenez, merezimenduen lehiketaren arabera kargu hori okupatu behar zuen langileari zegozkion ordainsari guztiak jasotzera zigortu zuen Gasteizko epaitegiak bere momentuan udala, eta lanpostua hornitzeko prozesuan parte hartzeko eskubidea onartu zion. Halaber, epaiak zioen Gasteizko udal gobernu taldeak "agintea desbideratu" zuela izendapena egiteko erabilitako prozeduran, eta "botere gehiegikeria" egin zuela. Orain, Gasteizko epaitegiak horretan sakontzen du, eta Roberto Garcia Tobalina Udaltzaingoaren komisarioa "berehala kargutik kentzeko" agindu dio Gasteizko Udalari, bai eta "merezimenduen lehiaketa bidezko hautaketa-prozesu baterako deialdia egiteko ere".

Izendapen askekoa bihurtu zuten postua

Sindikatuak azaldu duenez, azken urteetan, Gasteizko Udaleko udaltzainburuaren lanpostua barne prozesuan zerbitzu eginkizunetan bete izan da, meritu lehiaketaren bidez lanpostuen zerrendaren arabera. Horrela, Gasteizko udaltzainek, karrera profesionala kontuan hartuta, esperientzia eta meritu bidez, aginte postuetan gora egin dute, Gasteizko udaltzaingoan hainbat lanpostuetan aritu ondoren.

"2022. urtean, baina, Gasteizko udalak aldebakarrez lanpostuen zerrenda aldatu, eta ezarri zuen udaltzainburuaren postua izendapen askekoa bezala". ELAk aldebakarreko aldaketa horren aurka helegitea jarri zuen, baina udalak "deialdi publikorik egin gabe", "aldebakarrez", eta "gardentasunik gabe", beste pertsona bat izendatu zuen udaltzainburu. ELAk argitu duenez, momentu horretan, azpikomisarioa zen emakume batek bakarrik betetzen zituen udaltzainburu izateko baldintzak, baina "udalaren formula berri horrekin", emakumeak baino kategoria apalagoa zuen gizon bat izendatu zuten"; eta Udaltzaingoaren emakume azpikomisarioak ezin izan zuen prozesuan parte hartu ere egin.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago