Gasteizko Udal Kirol zerbitzuak aurkeztu du 2024ko udarako eskaintza. Uztaila eta irailean 370 ikastaro antolatu ditu, eta 6.762 plaza eskainiko ditu 14 urtetik gorakoentzako. Gizarte etxeetan, kiroldegietan, Gamarrako parkean eta Mendizorrotzako kirolgunean egingo dira jarduerak, eta ekainaren 5ean zabalduko da izena emateko epea. Udalaren webgunearen bidez, 010 telefonora deituta edo aipatutako guneetako batera hurbilduta eman daiteke izena.
Kirol eta Osasun zinegotzia den Ana Lopez de Uraldek azaldu du aurreko urteetako eskaera handiaren ondorioz erabaki dutela eskaintza handitzea. 29 ikastaro gehiago prestatu dituzte aurten. Herritarrek urte osoan zehar ariketa fisikoa egiteko helburua beteko dutela ospatu du, eta kirolak osasunean dakartzan onurak goraipatu ditu.
Askotariko eskaintzak egongo dira aurtengo ikastaroetan. Luzaketak, mantentze-gimnasia, tenisa, padela, musika jarduera aerobikoak eta tonifikazioa, ur-zirkuituak eta GAP, besteak beste. Ikastaro gehienek, 283k, hilabete iraungo dute, eta gainerakoek hamabost egun.
Ikastaroen hizkuntzari dagokionez, %15a soilik izango da euskaraz, udalak azaldu duenez. Beste %26 elebidunak izango dira eta, beraz, gaztelaniaz egindakoak izago dira nagusi. Udalak datu zehatzik eman ez duen arren, ondoriozta daiteke ikastaroen gainerako %59a gaztelaniaz egingo dela.