XV. urteurrena ospatuko du larunbatean AEKren Zadorra euskaltegiak

Erredakzioa 2024ko mai. 29a, 09:21

Zadorrako AEKko kideak urteurrena aurkezten. Argazkia: AEK

Egun osoko egitaraua antolatu dute Mintzodromoa, herri bazkaria eta kontzertuarekin, besteak beste. Hamabost urtez Lakuako auzoa eta Gasteiz euskalduntzen aritu izana ospatuko dute.

Hamabost urte beteko ditu ekainean Gasteizko Lakua auzoan kokatuta dagoen AEKren Zadorra euskaltegiak. Horregatik, egun osoko plana antolatu dute, ikasle zaharrak, egungo ikasleak, irakasleak, lagunak eta auzokideak bildu asmo dituen ospakizunarekin.

1976. urtean sortu zen AEK, frankismotik irten berritan, eta Euskal Herri osoan zehar zabalduz joan da ordutik. Ehun euskaltegitik gora ditu zabalik AEKk Euskal Herrian, sei bulego iraunkor Araban, eta herrialdeko beste hainbat herritara ere hurbiltzen dira irakasleak euskara eramatera.

Ekainaren 1ean, larunbatez, ospatuko dute Zadorra euskaltegiaren 15. urteurrena. Eguerdian hasita, 12:00etan Mintzodromoa antolatu dute euskaltegi pareko parkean, eta 13:00etan bertso-trikitixa poteoa hasiko dute euskaltegitik. Herri bazkaria antolatu dute Ibaiondo eskolan 15:00etarako, eta eskolan geldituko dira arratsalderako. 16:30etan bingoa izango dute, eta 18:00etan Bele zuriak taldearen kontzertua. Udako ikastaroen informazioa eta datorren ikasturteko aurrematrikulazioei buruzkoa ere banatuko dute bertan.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago