Bidelan jantoki soziala zabaldu dute

Erredakzioa 2024ko mai. 28a, 15:21

Bidean zentroa aste honetan jarri dute martxan. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Zaurgarritasun egoeran dauden eta behar adina baliabide ekonomikorik ez duten lagunei zuzenduriko zerbitzua da.

Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Sailak martxan jarri duen Bidelan jantoki sozial berriak ateak ireki ditu aste honetan. San Bizente Paulekoaren kalean dagoen ekipamenduak Arkupeetan zegoen espazioarekin alderatuta, plaza gehiago (60) eta instalazio hobeak ditu; eta bazkarien eta afarien zerbitzuez gain, eramateko gosariak ere eskainiko ditu berritasun gisa.

Instalazio berriak lehen Ofizio Tailer Eskola zegoen lokalean daude. Ekipamenduak sukalde-office bat du janaria berotu eta gero gero hotzean mantentzeko; izan ere, janaria Arkupeko sukaldean prestatzen jarraituko dute. Halaber, sukaldaritzan oinarritutako prestakuntza emateko gune bat ere badago bertan. "Erreforman lehendik zeuden baliabideak baliatu ditugu, hala nola isolamendu akustikoa eta ageriko instalazioak, baina espazioak, akaberak eta instalazioak erabilera berrietara egokitu ditugu", zehaztu du Gizarte Politiken zinegotziak, Raimundo Ruiz de Escuderok.

Funtzio bikoitza

Zentro berriak funtzio bikoitza izango du, alegia inklusio soziolaboraleko ikastaroak ere eskainiko baitira bertan. Maider Etxebarria alkateak azaldu duenez, "Bidelan proiektuaren helburua funtsezko beharretako bat, elikadurarena, asebetetzeaz harago doa. Udaleko gizarte zerbitzuek bideratutako jendea etorriko da hona jatera, baina inklusio soziolaboraleko ikastaroak ere eskainiko dira autonomia eta enplegua errazteko".

Bidelan bi fasetan jarri da martxan. Jantokia ireki ondoren, udazkenean, gizarteratze eta laneratze ikastaroak hasiko dira (sukaldaritza eta nutrizioa, arropa-konponketak, patroigintza, ile-apainketa eta estetika, ehungintzako osagarriak eta alfabetatze digitala). Horretarako, erabilera anitzeko gelak, imitaziozko bitxienak eta eskulanetakoak, informatikakoak, patroigintzakoak eta joskintzakoak eta ile-apainketakoak egokitu dituzte. "Milioi bat euro inguruko inbertsioaz eta 800 metro koadro inguruko azaleraz ari gara. Hori guztia zaurgarritasun egoera handian dauden pertsonak gizarteratzera bideratuko dugu", esan du alkateak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago