Aurten ere, Jare dantza taldeak Kantuz Kantu-Dantzaz Dantza jaialdiaren hamaikagarren edizioa antolatuko du, berriro maiatzeko azken larunbat honetan. Manuel Iradier txangolari elkarteko taldeak sustatuta, aurten bi zutabe egongo dira; dantza desberdinak egin ostean, bi zutabeek bat egingo dute Foru Plazan.
Lehenengo kalejira Indarra dantza taldeak eta Vital Fundazioko abesbatzak osatuko du, eta bigarrena Jare dantza taldeak eta Kantaberri abesbatzak. "Beste behin ere, aurreko urteetan bezala, gure hiriko publikoak dantza, musika eta kantu korala batera uztartzen dituen ikuskizuna izango da", gogoratu dute dantzazaleek.
Dantza eta dantza artean, Ezpata-Dantza sarien laugarren edizioa ospatuko dute, Jare dantza taldeak Euskal Herrian urtero ematen duen folklore dantzari saria. Aurtengo edizioan, Juanjo Lauzurika Arrietak jasoko du saria, bere bizitzaren zati handi bat Euskal Herriko aintzinako dantzak sustatzen, zabaltzen, irakasten eta dantzatzen emateagatik.
Santa Barbaran plaza eta, aldi berean, Andre Maria Zuriaren plazan izango dira dantzak, 19:15ean. Ostean, 19:45ean, Arka plazan eta, aldi berean, Andre Maria Zuriaren plazan. Eta, azkenik, denak batera 20:30ean Foru Plazako pilotalekuan.