Silvia Federici idazle eta pentsalari feminista eta marxista kritikoa Euskal Herritik dabil bere azken liburua aurkezten. "Hitzak palmondo" izeneko liburua da, Federiciren poema eta Begonia Santa-Cecilia margolariaren akuarelekin osatua. Euskaraz Txalaparta argitaletxeak atera du, Amaia Astobiza arduratu da itzulpena egiteaz.
Aste honetan Hego Euskal Herriko hiriburuetan arituko da Federici. Asteazkenean Bilbon egin zuten lehen aurkezpena, gaur Iruñeko Txalapartaren egoitzan egongo da eta igandean Donostian, Tabakaleran. Astelehenean izango da Gasteizen, 19:00etan hasiko da aurkezpena Artiumen. Garazi Arrula Txalapartako editoreak egingo du sarrera, eta mahai-inguruan parte hartuko dute Silvia Federici berak, Santa-Cecilia margolariak eta Astobiza itzultzaileak.
Liburuaren epilogoaren pasarte bat ekarri dugu hona: "Liburu hau maitasun-lan bat da. Berenez sortu zen, aurretik deusetarako asmorik ez genuela. Pandemiak biok bereizirik, elkarri eskutitzak idazten hasi ginen. Begoniak berak pintatutako loreak bidaltzen zizkidan, eta nik poemak igortzen nizkion. Lagunekin eta gure taldeko andreekin egiten genituen afariak nola, halaxe zitzaizkidan lagungarriak eskutitz-truke haiek etxealdiaren ondoriozko bakartze-sentipenari eta adiskideak galtzearen minari gaina hartzeko. Begoniaren loreek, Prospect Park-eko eguneroko ibilaldietan ikusten nituen loreek eta katamixarrek bezala, poz handia ematen zidaten, eta sentiarazten zidaten bizitzak aurrera jarraitzen zuela eta bazela beste errealitate bat, bazela beste eguneroko bat ospitaleetako itxarongelen eta gaixoak bizirik mantentzeko borrokatzen ziren emakume erizainen gaueko irudiek iradokitzen zutenaz harago. Laster, hurrengo eskutitza jasotzeko zain egoten hasi nintzen, itxaropenez eta jakin-minez."