Ekainaren 7an aktibatuko dituzte babesleku klimatikoak

Erredakzioa 2024ko mai. 23a, 09:34

Hirian "erosotasun termikoa" ziurtatu nahi duela esan du udalak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Udalak dio "adimen artifiziala" erabiliko duela toki horietara joateko bide egokiena zein den identifikatzeko. 

Gasteizko Udalak ekainaren 7an aktibatuko du babesleku klimatikoen udal sarea, "tenperatura altuko gertaeren aurrean, erosotasun termikoa bermatzen" laguntzeko. Orotara, aurtengo kanpainan 26 instalaziok beteko dute Gasteizen funtzio hori, aurten sare horretara Landatxo gizarte etxea gehitu baitute.

Landatxo gehitzearekin batera, gizarte etxe guztiak sarearen barruan egongo dira. Horrez gain, hainbat kirol instalazio —hala nola, Aranalde, Landazuri, San Andres eta Mendizorrotza—, San Martingo udal bulegoak, udal artxiboa, Montehermoso, autobus geltokia edo Erdi Aroko Erdiguneko enpresa mintegia ere sarearen parte dira.

Borja Rodriguez Ingurumen zinegotziaren esanetan, ekimena beroagatiko "heriotza tasa eta erikortasuna" gutxitzeko "erronkaren" barruan kokatuta dago. Rodriguezek aurreratu du sarera batzeko moduko beste hamabost gune identifikatu dituztela etorkizunerako, baina ohartarazi du toki horiek ez direla udalaren jabetzekoak.

Horietara iristeko bide egokiena zein den identifikatzeko besteak beste "adimen artifizialaz" baliatu direla dio zinegotziak. Tartean, ibilbidean itzalguneak, bankuak eta iturriak non dauden jakiteko erabiliko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago