Astelehenean irekiko ditu ateak jantoki sozial berriak

Erredakzioa 2024ko mai. 22a, 17:30

Egunero 60 bazkari eta beste hainbeste afari eskainiko dituzte. Argazkia: Gasteizko Udala

Gaur egun Arkupeko ibilbidean dagoen jantokia ordezkatuko du espazio berriak.

Maiatzaren 27an, astelehenez, irekiko dute San Bizente Paulekoaren kalean jantoki sozial berria. Bertan, bi txandatan banatuta, 60 bazkari eta beste horrenbeste afari eskainiko dituzte. Lokalak 800 metro koadro baino gehiago ditu, eta, jantokiarekin batera, tailerrak eta ikastaroak egiteko gunea ere izango da.

Jantoki berriak gaur egun Arkupeko ibilbidean dagoen jantokia ordezkatuko du. Espazio berria handiagoa da eta hobeto ekipatuta dago. Antolatu ahal izateko, Arkupeko jantokiko sukaldeko langileak izango dira, kokapen berrian lanean jarraituko baitute, Eulen enpresa izan da esleipenduna. "Jantoki sozialak elikadura arloko oinarrizko beharrak estaltzen ditu eta dietetikoki egokiak diren bazkaria eta afaria bermatzen ditu. Gainera, elikadura ohitura osasungarriak, eta arrisku sozialeko egoeren prebentzioa eta detekzioa sustatzen ditu", adierazi du Gizarte Politiken zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

Ruiz de Escuderoren hitzetan, "etapa berri bat" hasiko da orain. Jantoki sozialeko zerbitzua eskaintzen duen lokala aldatzeaz gain, topaketarako eta elkarbizitzarako inguruak sortu nahi dituzte, "komunitatean pertsonen autonomia, autoestimua eta aukeratzeko gaitasuna bermatu eta sustatu ahal izateko". Inklusio sozialera bideratutako lokala martxan jartzeko Gizarte Politiken Sailak egokitzapen lanetan eta ekipamenduan egindako inbertsio ekonomikoa 800.000 euro baino gehiagokoa izan da. Zenbateko horri jantokiko zerbitzuak eskaintzeko egindako 176.800 euroko inbertsioa gehitu behar zaio.

 

Jantokiarekin batera, tailerrak eta ikastaroak egiteko gunea izngo dira. Argazkia: Gasteizko Udala

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago