Salburua Bigarren Hezkuntzako Institutua sortzen duen dekretua onartu du Jaurlaritzak atzoko Gobernu Kontseiluan. Gasteizko Alba kaleko 2. zenbakian egongo den institutuan 18 milioi euroko inbertsioa egin du Lakuak.
Jaurlaritzaren arabera, ikastetxea datorren ikasturtean bertan egongo da martxan, eta Salburua BHI izango du izena. Orotara, DBHko lehen mailako sei talde bere gain hartuko ditu. Bertara joango diren ikasleak Salburua HLHI eta Errekabarri HLHI ikastetxe publikoetan Lehen Hezkuntzatik etorriko dira, bi horiek izango direlako institutu berriari atxikitako erreferentziazko ikastetxeak.
Ohar batean, Jaurlaritzak aurreratu du ikastetxeari urtez urte maila bat gehiago gehituko zaiola, Batxilergoko bigarren mailara iritsi arte, "azken urteotan Arabako hiriburuan hedapen eta biztanleen hazkunde handienetako bat" izan duen egoitza barrutiaren beharrei erantzuna emateko.