Dozenaka pertsonak ekintza sinbolikoa egin dute gaur eguerdian Gasteizen, Defentsa Ordezkariordetzaren aurrean. Gastu militarraren aurka agertu dira, eta eragozpen fiskala egiteko beharra aldarrikatu dute, horretarako tresna gisa. Salatu dute gizartearen militarizazioa gero eta handiagoa dela eta, modu sinbolikoan, misilak bota dituzte birziklatzeko edukiontzi baten barruan. Ekintza antimilitarista honen kanpaina sindikatuek, GKEek eta hainbat elkartek osatzen dute.
Errenta aitorpenaren kanpaina betean egonda, herritarrei dei egin diete eragozpen fiskala erabiltzeko. Protestan azaldu dutenez, eragozpen fiskala da errenta aitorpena egiterakoan "sozialki bidegabetzat edo kaltegarritzat jotzen ditugun partiden finantzaketan" kolaboratzeari uko egitea, esaterako, militarismoan. Zergen zati bat ez ordaintzea, finean, eta hori bideratzea "izaera eraldatzailea eta solidarioa" duten alternatibetara. Araban jadanik 50 atxikimendu jaso omen ditu kanpainak, Bizkaian ehundik gora.
Informazioa www.eragozpenfiskala.org webgunean dago jarraitu beharreko pausoei eta kanpainari buruz. Bestalde, adierazi dute parte hartzeko interesa duenak hitzordua eska dezakeela SETEM Hego Haizearen bulegoan edo 945 120 746 telefonora deituta. Bertan laguntza jasoko du eragozpen fiskala egin ahal izateko. Estatuko Aurrekontu Orokorretan armamentuan eta gastu militarrean egindako inbertsioak areagotu egin direnean, "ez gure izenean" esateko modua eskaintzen du tresna honek, azaldu dutenez.
Manifestuan ohartarazi dute gerrarako prestatzera deitzen duten ahotsak areagotzen ari direla, eta eskatzen ari direla gero eta baliabide gehiago gerrara bideratzeko. Estatuen "militarizazio eta berrarmatze" garaia dela aipatu dute. Salatu dutenez, aurrekontu orokorretan esparru bati eskaintzen zaiona beste baten kalterako izaten da, eta kritika egin diote herritarren bizi kalitatea hobetzeko diru partidak izan zitezkeenak gastu militarrerako erabiltzeari.
"Historian zehar, askotan egiaztatu dugu gerra prestatzeak, ezinbestean, gerrara garamatzala eta bakea, horretarako prestatuz baino ez dela lortzen". Egitura militarrak ematen duen "segurtasun faltsuaren aurrean" benetako segurtasuna eraikitzearen aldarria egin dute. Segurtasun integrala aipatu dute, "benetan merezi duten eskubideak eta askatasunak bermatzen laguntzen duten erakunde eta proiektu alternatiboak babestuz".
Araba edo Euskal Herriko hainbat elkartek parte hartzen dute eragozpen fiskalaren kanpainan, eta haiei eman dakieke zergetatik kendutako diru zatia. Auzoan Bizi, ESK sindikatua, Jauzi Ekosoziala, Kakitzat, Seten Hego Haizea, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta beste hainbat daude aukeren artean.