'Poesia mailu bat da' literatur jaialdia antolatu du Azpimarra irakurle taldeak

Erredakzioa 2024ko mai. 22a, 11:42

Gasteizko Gaztetxean egindako kultur ekitaldia. Argazkia: Gasteizko Gaztetxea

Joseba Sarrionandia, Uxue Apaolaza eta Martin Bidaur izango dira Gasteizko Gaztetxean ekainaren 6an. 'Ez dugu nahi poesia plastikozko lore bat izaterik. Ez dadila eskaparatean begiratzeko produktu polit bat izan, ezta erabili eta botatzeko klinexa ere'.

Hilabeteak daramatza Azpimarra irakurle taldeak liburuak aztertu eta literaturaz hausnarrean. Orain, ekimen handiago bat aurkeztu dute: Poesia mailu bat da literatur jaialdia, ekainaren 6an ospatuko dutena Gasteizko Gaztetxean. Egun osoan zehar ibiliko dira bertan, itzulpen tailerra, poesia errezitaldia, kantaldia, erakusketa eta liburu bilketa eginez, besteak beste.

Poesia mailu bat dela diogu oinak lurrean dituen literatura nahi dugulako; badakigulako, nahiz eta salto egin, gure desirek baino indar gehiago duela grabitateak.

Artea gure garaian kokatu eta izatea nahi dugunari buruz hausnartzeko elkargune bat sortu nahi izan dute Azpimarrako kideek. Defendatu izan dute poesiak eta literaturak, beste arte adierazpenek bezala, funtzio soziala izan behar dutela. Gaian sakontzeko parada izango da jaialdian.

Egun osoko plana

Goizean, 11:30ean hasita, itzulpengintza tailerra izango da Gaztetxean. Itzultzailearen lanari bere lekua eman nahi izan diote jaialdian, eta galdera potolo batzuk erantzuten saiatuko dira bertan. Zer eta nola egin behar du itzultzaileak? Zein erronka ditu euskarazko itzulpengintzak? Nola idatzi hizkera formala? Kokapen teorikoaz gain arlo praktikoa ere landuko dute, teknika ezberdinak lantzeko. Sare sozialen bidez ikastaroan izen emateko eskatu dute, jende kopurua aurreikusteko.

17:00etan ipuin kontalarien txanda izango da. Helduei bideratutako bi emanaldi labur izango dira, Mundu berriko mamuak eta Erruina baten kontaketa. Ondoren, 18:30ean, mahaingurua egingo dute. Joseba Sarrionandia, Uxue Apaolaza eta Martin Bidaur idazleekin hausnartuko dute hainbat gairen inguruan. Zer idazten den eta zer ez, nola idazten den, zer posiziotatik, norentzat... Idazlea eta gizartea parez pare jarriko dituztela jakinarazi dute, konpromisoaz eta askatasunaz hitz egin, literaturaz errealitatea ulertu eta eraldatzeko tresna gisa.

Arratsalde osoan zehar kartel erakusketa ikusgai izango da Gaztetxean, Gabriel Arestiren poesia mailu bat da lanean oinarritutakoa. Nork bere diseinua bidaltzera animatu dute jendea, Azpimarraren sare sozialetan daude jakin beharreko irizpideak. Liburu eta fanzine bilketa ere egingo da arratsaldean zehar, Zaballan dauden presoentzako. Poesia mikro irekia antolatu dute, 20:00etan. Arestiren poema jarraituz egindako poemak errezitatzera deitu dute, gaia zentzu zabalenean hartuta. 21:30ean kantaldia egongo da eta Dervish-ek girotutako gaua 23:00etatik aurrera.

"Ez dugu nahi poesia plastikozko lore bat izaterik. Ez dadila eskaparatean begiratzeko produktu polit bat izan, ezta erabili eta botatzeko klinexa ere. Ez dugu edertasunaren edo artearen gorazarrerik nahi. Ez dugu nahi hodeietako printzeen istorioekin burua berotzerik. Ez dugu best-sellerrik, sari potolorik edo dibertimendu hutsalik nahi.

Poesia mailu bat dela diogu oinak lurrean dituen literatura nahi dugulako; badakigulako, nahiz eta salto egin, gure desirek baino indar gehiago duela grabitateak. Aldarrikatzen dugu ondoan duzun ezezagunari begira idatzitako poesia bat, norbere barruak guztionak direla konturatzen dena, gu geu garenari buruzko poesia bat; eta bereziki, izan nahi duguna eraikitzen duena. Aldarrikatzen dugu mailu izan nahi duen poesia, indarrak batuta, itotzen gaituen errealitatea kolpatzen duena.

Izan dadila Literatura Jaialdia artea gure garaian kokatu eta izatea nahi dugunari buruz hausnartzeko elkargune bat. Eta ondo pasatzekoa ere bai, noski".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago