Florida parkean ospatuko dute Afrikaren Astea

Erredakzioa 2024ko mai. 21a, 10:49

Florida parkean egingo dute ekitaldi nagusia, maiatzaren 25ean. Argazkia: Gasteizko Udala

Araban bizi diren Afrikako kolektiboen lana ikusarazi nahi dute jaialdiarekin, Afrikako artea, musika, dantza eta moda tradizionala ezagutaraztearekin batera.

Afrika gasteiztarrei gerturatzeko asmoarekin, jaialdia ospatuko dute larunbatean, hilaren 25ean, Florida parkean. Zazpigarren edizioa izango da, herritarrentzat irekia egongo den jaialdia. Artisau produktuak, antzerkia, dantza, kontzertuak eta moda-desfile bat izango dira, beste jarduera batzuen artean. Ekimena Gasteizko Afrikako diasporako erakundeen elkarteak (21 elkarte biltzen ditu) antolatu du eta Garapenerako Lankidetzarako Udal Zerbitzuaren laguntza jaso du.

"Afrika kontinentea, bertako errealitateak eta kultur tradizio anitzak ezagutzeko aukera ezin hobea da. Gainera, Afrikako kulturara gerturatuko gaituzten pertsona horiek gure bizilagunak dira eta Gasteiz kulturanitza ordezkatzen dute; sekulako aniztasun eta aberastasun kulturala dituen hiria", azaldu du Ana Lopez de Uralde Garapenerako Lankidetzako zinegotziak.

Jardunaldia 09:00etan hasiko da Gasteizko diaspora afrikarreko erakundeek egindako lanaren eta artisau-produktuen erakusketarekin. Gainera, Oihal artean: la tradición de las telas africanas en Gasteiz erakusketa ibiltariaz eta Nelson Mandelaren eta Ellen Johnson-Sirleaf-en erretratuak paratuko dituzte. Ellen Johnson-Sirleaf izan zen Afrikako herrialde batean (Liberia) presidente izendatutako lehen emakumea eta gerora, 2011n, Bakearen Nobel saria eskuratu zuen emakumearen eskubideen alde egindako borrokagatik.

Arratsaldean, aldiz, dantza, antzerkia eta moda-desfilea izango dira. Bertan, Bizan sareko erabiltzaileak izango dira protagonistak.

Programazioa

9:30 - 19:00 Kultura-azoka.

Goizean zehar, Afrikako kolektiboek beren lana erakutsiko dute Florida parkeko kioskoan, propio jarriko diren karpetan.

16:00 - 16:20 Antzerkia 

Mendebaldeko Afrikako emakumeen eguneroko bizitza islatzen duen antzezlana. Gasteizen bizi diren Afrikako diasporaren erakundeetako eta beste elkarte eta kolektibo batzuetako boluntarioak arituko dira.

16:30 - 17:50 Dantza lehiaketa 

Hauek dira lehiaketara deitutako dantza-generoak: afrobeat, amapiano, dantza afrikarrak eta euskal dantzak. Epaimahaiak baloratuko ditu partaideen koreografiak. Edonork har dezake parte lehiaketan, bakarka zein taldean.

18:00 - 19:20 Moda desfile mistoa

Afrikako eta Euskal Herriko arropa tradizionalaren moda desfile-lehiaketa, DJ Logs-en musikak girotutaAdituek osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu pertsona eta jantzi irabazleak. 

19:30 - 23:00 Kontzertua

Jaialdia amaitzeko, zuzeneko kontzertua eskainiko dute Nakany Kanté eta Kai Nakai musikariek.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago