Pilar Arostegi Udal Artxiboa arduratzen da Gasteizko Udalak eta beste erakunde batzuek sortutako dokumentazioa jaso, antolatu eta hedatzeaz. 1181. urtetik gaur egunera arteko dokumentuak topa daitezke bertan. Orain, Gasteizko Udalak EHUrekin egindako hitzarmen baten bidez udalaren akta sorta bat digitalizatu eta aztertuko da, 1428. urtetik 1520. urtera doana, hain zuzen.
Udal akten liburuek duten garrantzia nabarmendu du udalak, antzinatasunagatik eta hiriaren historiaren islada direlako. 1428-1429 urteetako aktak eta 1479tik gaur egunera artekoak daude jasota liburu horietan. Eusko Jaurlaritzaren baitako Gizartea, Boterea eta Kultura ikerketa taldeak (XIV-XVIII mendeak) editatu eta aztertuko ditu 1510. urtera arteko aktak, EHUrekin lankidetza hitzarmena adostea lortuta. Proiektuaren izena honakoa da: 1428-1510 bitarteko Gasteizko Udal Akten azterketa eta edizio kritikoa. Datu eta analisi ikuspegi berriak Gasteiz eta Arabako historiarentzat.