Doku-mental zikloaren baitan, emakumeen gorputzak zineman erakutsi diren modua aztertuko dute bihar Gasteizko Orbain Kultur Elkartean, 19:00etan. "Manipulazioa: Sexua, kamera, boterea" (Nina Menkes, 2022) dokumentala ikusteko aukera izango dute hurbiltzen direnek, eta ondoren solasaldia egingo da. Zuriñe Lopez de Sabando Sainz ikus-entzunezko ekoizle eta errealizadore gasteiztarrak parte hartuko du hizketaldian.
Nina Menkesen dokumental ospetsuak azaltzen du nola kamera mugimenduek, muntaiak eta lehen planoek emakumeen sexualizazioa sustatu duten. Zuzendariaren arabera, bortxaketaren kultura sustatu du emakumearen gorputza irudikatzeko moduak. Aktoreak oso modu ezberdinean filmatzen direla aipatzen du Menkesek. Emakumea objektu bezala, gizona subjektu bezala. Gizona biluzik agertzen denean beti zerbait egiten ari dela dio, izan teilatu bat konpontzen edo kirola egiten, aktiboak dira. Emakumeak berriz begiraden jomuga dira, pasiboak, biluzirik daude ikusiak izateko.
Orbain Kultur Elkartean (Navarro Villoslada kalea 8, Gasteiz) Doku-mental izeneko zikloa antolatzen dute, eta hausnarketa eragin asmo duten dokumentalak zabaltzen dizute hilabetero. Aste honetan, garai guztietako zinema aztertuko dute "Manipulazioa: Sexua, kamera, boterea" filmarekin. Orbain Elkartetik diotenez, "inoiz kanon estetikoei granada bat bota nahi izan dion edozein emakumerentzat egindako filma da. Nina Menkesek dauka munizioa".
Azaldu dutenez, zinemako eszena askotan, emakumeak sexu harremanei ezetz esaten hasiko dira, baina azkenean baietz esango dute gizonezkoak tematzen direnean. Sexu erasoak "glamourizatu" eta "bortxaketaren kultura betikotzen" dela salatu dute elkartetik. Tradizioan sexu eszenak beti gizonezkoen begiradatik filmatu direnez, halako dokumentalen garrantzia azpimarratu dute joera sexista hauei aurre egiteko.