VII. M-Fest, emakume artisten jaialdia Gasteizen

Erredakzioa 2024ko mai. 17a, 16:19

M-Fest kontzertuen iragarpena. Argazkia: Gasteizko Udala

Gaur eta bihar musika emanaldiak, ikastaroak eta artisau azoka izango dira, Gauekoak taldearen egitarauaren baitan. Galbaie, Nize eta Viudaren kontzertuak gaur 20:30ean Falerinan.

Gauekoak taldeak eta Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuak antolatuta, M-Fest, emakume artisten jaialdia ospatuko da, zazpigarren aldiz. Emakume artistei babesa eta espazioa emateko helburua du egitasmoak, inposaketarik gabeko gune bat sortzeko. 2024ko edizioaren egitarauan musika, ikastaroak eta artisautzak izango dute tokia. Gaur bertan hasiko dira ekimenak, 20:30ean Falerina Lorategian ikusgai egongo diren kontzertuekin. Galbaie, Nize eta Viuda taldeek eskainiko dute ikuskizuna, eta sarrera doakoa izango da.

Larunbaterako ere antolatu dituzte ekimenak M-Festen baitan. 12:00etatik 20:00ak arte artisau azoka bat izango da Santa Maria enparantzan. Eskuz eginiko zeramikak, pultserak, laminak eta beste hainbat produktu izango dira bertan eskuragai. 17 artistek hartuko dute parte. Arratsaldean bi ikastaro egingo dira Labe espazioan, pinak sortzekoa bata eta graffitiak margotzekoa bestea.

Gauekoak gazteentzako aisialdi alternatiboaren eskaintza osoa ikus daiteke vitoria-gasteiz.org/gauekoak webgunean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago