Urte askoan antolatu izan ditu Hala Bedi Irratiak Hala Bedi Rock jaialdiak. Arabako musika taldeentzako bultzada izateko asmoarekin sortu zen, eta irrati libreko Fonoteka taldeak hamarnaka talde igo zituen lehen aldiz Gasteizko Gaztetxeko oholtza gainera. 2019. urtean izan zen azken jaialdia, eta aurten berrartu dute ekimena. Bihar, maiatzaren 18an, izango da XI. Hala Bedi Rock.
Jaialdi hauetan ohikoa den moduan, sei talde arabar izango dira protagonista. Aurten, Old Time Spooks, Ni Hil, Aihotz, Ben Pantera, Incense eta Caiman taldeak arituko dira Gaztetxea girotzen, haien hillbilly, rock, punk eta hardcore doinuekin.
Hala Bedi Tabernan eskuratu daitezke sarrerak aldez aurretik, 5 euroren truke. Bestela, Gaztetxean bertan ere izango dira eskuragarri. 18:00etan hasiko da jaialdia.