Santa Maria Katedralaren eraikuntzaren historia osorik ikus daiteke errealitate birtualean

Erredakzioa 2024ko mai. 16a, 17:28

Santa Maria Katedralaren 360º bisita gidatuaren aurkezpena. Argazkia: AFA

360º-ko bisita gidatua abian egongo da aste honetatik aurrera. Azken bideoekin amaiera eman diote katedralaren eraikuntza errealitate birtualean erakusteko proiektuari.

Santa Maria Katedrala Fundazioak hiru ikus-entzunezko berri aurkeztu ditu gaur goizean, eta horiekin osorik ikusi ahal izango da katedralaren eraikuntzaren historia, espazio guztietan. Aste honetatik aurrera egongo da eskuragarri, bisita gidatura hurbiltzen diren pertsonentzat, 360º-ko errealitate birtualeko gida osatua.

Cristina Gonzalez diputatuak aurkeztu ditu azken ikus-entzunezkoak, proiektuari amaiera eman diotenak. Gonzalezek azaldu du errealitate birtualeko bisitak "erantzun bikaina" izaten ari direla herritarren aldetik, bai bisitari kopuruari dagokionez (mila pertsonatik gora 2023an) eta baita haien gogobetetzeari dagokionez ere. "Bisitariek denboran zehar bidaiatzeko aukera izango dute errealitate birtualaren bidez, eta beren begiekin ikusteko hiriak eta tenpluak izandako bilakaera IX. mendetik XIV. mendera".

Santa Maria Katedrala Fundazioko kudeatzailea den Jon Lasak Arabako Foru Aldundiak emandako laguntza eskertu du, "teknologia berriak erabiliz hobetzen jarraitzeko bisitarien eskura jartzen dugun eskaintza turistikoa". Izan ere, proiektua Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak finantzatu du. Gasteizko Udalaren laguntza ere eskertu du, Erdi Aroko Merkatuko jantziak uzteagatik, horiekin hobeto azaldu ahal izan baitute XIII. eta XIV. mendeetako katedralaren inguruko bizitza. Lasak gogorarazi du 2018. urtetik "3D formatuko liburuaren hainbat kapitulu" idatzi dituztela, Gasteizen jatorriaz, Erdi Aroko harresiaz eta Santa Maria Katedralari buruz. Adierazi du hiru bideo berri hauekin amaitu ahal izan dutela katedralaren eraikuntzaren historia kontatzeko proiektua.

Aste honetan gehituko dute 360º-ko bisitaren esperientzia lehendik eskuragarri zeuden errealitate birtualeko bisitekin batera. Interesa dutenek Santa Maria Katedralaren webgunean edo 945255135 telefonoan egin beharko dute erreserba. Gainera, 360º-ko bideoak herritar guztien eskura jariko dituztela iragarri dute, www.catedralvitoria.eus webgunean. Beraz, errealitate birtualeko gailua dutenek ikusi ahal izango dituzte edukiak.

Esperientzia azaltzen duen bideoa ere zabaldu du Santa Maria Katedralaren Fundazioak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago