Gasteizko BDZ mugimenduak deituta dozenaka pertsona bildu dira arratsaldean Andre Maria Zuriaren plazan, gaurko egunez 1948an abiatutako Nakba salatu eta Israeli boikota aldarrikatzeko. Israelen aurkako Boikot, desinbertsio eta zigorren mugimenduak, BDZk, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu ditu mobilizazioak gaur, eta beste hainbat herritan ere izan dira Nakba oroitzeko ekimenak. Salatu dute Nakba ez dela "iraganeko historia", gaur egun ere jarraitzen duela "okupazioarekin, kolonizazioarekin, garbiketa etnikoarekin eta apartheidarekin".
Nakba (hondamendia edo zorigaitza arabieraz) deitzen zaio 1948ko maiatzaren 15ean, Israelgo estatua ezarri eta hurrengo egunean, hasitako palestinarren exodo behartuari. 800.000 pertsona inguru, garaiko biztanle palestinarren gehiengoa, kanporatu zuten beren bizilekuetatik indar sionistek, eta zonalde horiek bilakatu ziren Israelgo lurraldeak. Protestan gogoratu dutenez, egun 7 milioi dira palestinar errefuxiatuak. Aurten garrantzia berezia hartu du Nakba egunak, Gaza erasopean duelako Israelgo armadak. 35.000 pertsonatik gora hil dituzte sionistek urriaren 7tik, 14.500 baino gehiago haurrak.
Gasteizen izandako mobilizazioan Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako oihu ugari bota dituzte manifestariek. "Ez da gerra bat, genozidioa da", "Israel Boikot", "Ibaitik itsasora Palestina gora", "Israel hiltzaile, Europa laguntzaile" eta beste asko. Protestan Euskal Herriko instituzio eta enpresen konplizitatea ere salatu dute. CAF enprsea, adibidez, trenbide azpiegiturak eraikitzen ari da Palestinako lurralde okupatuetan, horregatik "estatu sionistaren konplize" izatea leporatu diote.
Antolatzaileek azaldu dute genozidioa ez dela halako ekimenekin geldituko, eta Israeli boikota egiteko dei egin dute, presioaren eraginez "Israel desagerrarazi arte". "Genozidioa ez dute instituzioek geldituko, ez NBEak, ez Nazioarteko Zigor Auzitegiak, ez Nazioarteko Justizia Auzitegiak. Palestinarren bizitza garrantzitsuegia da haien eskuetan uzteko". Larunbat honetan, maiatzak 18, Iruñean manifestazioa antolatu du Palestinarekin Elkartasuna herri ekimenak. Bertaratzeko gonbita egin dute mikrofonoetatik, eta gogoratu dute Gasteiztik autobusak antolatu direla Iruñera joateko.
BDZ mugimendua mundu mailan dago antolatua, eta Israelgo gobernu eta enpresekin lotutako produktu eta ekimenei boikota sustatzea du helburu. Urte askoan zehar salatu dituzte "Israelgo estatu genozida" zuritzeko eta normalizatzeko ekintzak, hala nola, Baskonia saskibaloi taldearen aurka hainbatetan aritu den Maccabi taldearen partidak.
Sindikatuak Palestinaren alde
Ostiral honetarako mobilizazio berriak daude iragarrita, kasu honetan sindikatuek antolatu dituztenak. "SOS Rafah – Genozidioa Stop, Langileok Palestinarekin" lelopean protestak antolatu dituzte lantoki eta hiriburuetan. ELA, LAB, ESK, CCOO, UGT, CGT-LKN, Steilas, Solidari, EHNE Nafarroa, Etxalde eta Hiru sindikatuek deituta, Israel Gazan egiten ari den sarraskia salatuko dute. Gasteizen deialdi nagusia 12:00etan izango da, ostiralean, Andre Maria Zuriaren plazan.
Palestinarekiko Elkartasun Kontzertua Jimmy Jazzen
Sanitarioak Palestinarekin Euskadi elkarteak kontzertuak antolatu ditu biharko, maiatzaren 16rako, Jimmy Jazz aretoan. Dirua Euskadiko UNRWA Palestinar Errefuxiatuen Aldeko erakundea laguntzeko erabiliko da. 20:00etan abiatuko dira kontzertuak, eta oholtza gainean ikusi ahal izango dira Amparo Sanchez, Chiki Lora, La Furia eta Iskanbila.