2023. urtean sexu orientazio eta genero identitate disidenteen aurka izandako gertakariak jaso ditu beste behin ere Ikusgunek, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak. Gaur argitara eman duten txostenean jakinarazi dute 28 indarkeria kasu ezberdin erregistratu zituela elkarteak iaz, aurreko urtean baino 12 gehiago. Hala ere, nabarmendu dute ez dutela alarma sentsazioa sortu nahi, ezta egoera ezagutzeagatik beldurra sortzea ere LGTBI+ kolektiboko pertsonengan. Ikusguneren esanetan, salaketen garrantziari buruzko kontzientzia maila gorantz joatearen erakusle dira kopuru hauek.
Erregistratu dituzten 28 gertakarien artean gorroto diskurtsoak edo irainak dira erdia baino gehiago, 16 zehazki. Horietako 10 diskriminazio mailakoak dira duten larritasunagatik, eta txostenean ere ohartarazi dute irainak eta gorroto diskurtsoak hazten ari direla gizartean. Ikusgunetik ere salatu dute genero disidente diren pertsonen aurkako indarkeria oso ohikoa dela oraindik. Trans pertsonen aurkako 8 gertakari jaso dituzte 2023. urtean, horietako bat pertsona ez-bitar batek jasandakoa. Bestalde, indarkeriak pairatu dituzten profilei erreparatuta, Ikusgunetik adierazi dute gay kolektiboa dela gertakari homofobo gehien bizi izan dituena, erdia baino gehiago. Ohartarazi dute indarkeria lesbofobo kasu gutxi erregistratu dituztela, baina hori egotzi diote kolektibo honek historikoki jasan duen "ikusezintasun patriarkalari".
LGTBI+fobiaren aurkako behatokian arreta jarri diote indarkeria kasu hauek gertatzen diren eremuei ere. Gertakariak leku ezberdinetan eman direla jakinarazi dute, LGTBI+fobia "egiturazko arazoa" denaren erakusle. Toki ohikoenak dira etxea edo bizilagunen komunitatea, familiartea, lantokiak eta ikastetxeak. "Bizitzan denbora gehien igarotzen dugun espazioak, hain zuzen ere". 2021 eta 2022. urteetako txostenak kontuan hartuta, eskola eremuan izandako indarkeria kasuak %12koak izan ziren, "datu kezkagarri" gisa azaldu zuten garai hartan, gazteenei eragiten dieten indarkeriek etorkizunean duten eraginagatik.
Ikusgunetik adierazi dute Gasteiz gero eta udalerri atseginagoa dela LGTBI+ kolektiboarentzat, eta eskerrak eman dizkiete indarkeria kasuak salatzeko ausardia izan duten pertsonei. Era berean, gogorarazi dute haiek halako egoeren aurrean laguntzeko daudela eta, prestutasuna adierazteaz gain, salatzen jarraitzeko dei egin diote komunitateari. Ikusgune.eus edo 633 309 653 telefonoak dituzte eskuragarri horretarako, besteak beste.
Ikusgunek saria jasoko du Katalunian
Atzo jakinarazi zuen Kataluniako LGTBI+fobiaren Aurkako Behatokiak saria emango diola Ikusguneri datorren maiatzaren 17an. Gertakari LGTBI+fobikoak salatzeko egindako lana eta biktimei emandako laguntza omendu nahi izan ditu Kataluniako behatokiak. Ikusgunek egindako lanagatik jasotzen duen hirugarren saria izango da.