EAJk eta PSEk osatutako udal gobernuak Elkarrekin alderdiarekin akordioa lortu ondoren, Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriari argi berdea eman zaio. Indarrean dagoen azken plan orokorra 2003koa da, eta aldaketa asko izan ditu hiriak ordutik. Akordioa adostu duten alderdiek azpimarratu dute "hiri atseginagoa, iraunkorragoa, eta lehiakorragoa" lortzen dela. Behin betiko onarpena jaso eta datorren urteko udan berretsiko dutela espero dute.
Plan orokor berriak Gasteizko hiri-bilbearen hazkundea ezarri du arau gisa. Hazkunde hori "barrura begira egingo da, lurzoru gehiago kontsumitu gabe, jarduera ekonomikoa bultzatzeko plangintza malgutuz eta jarduera espazioak sortuz", azpimarratu du Maider Etxebarria alkateak.
Plan berriak hiriko hegoaldeko hedapena geldiaraziko du; izan ere hegoaldeko sektoreetan urbanizazioa baztertu da, Uleta aldetik; eta hegoaldeko ingurabidea ere baztertu dute.
Marianistasen, etxebizitzak
Hiriko hainbat gunetan etxebizitza berriak eraikiko dira; Ospitaleko Plazan etxebizitzei altuera handiagoa emango zaie, baina ez bizilagunek eskatu zuten adinakoa. Etxebizitza gehiago eraikiko dira Lovainan ere, Marianistas ikastetxearen inguruan. Hala ere, azterketa espezifiko bat egin beharko da, babes ofizialeko etxebizitzak zenbat izango diren zehazteko eta, batez ere, trafikoari nola eragingo dion aztertzeko. Jose Erbina kalean, tren-geltokiaren parean, eta Florida kaleko 53. zenbakian etxebizitzak eraikitzeko aukera ere desblokeatu da.
Industriari dagokionez, "Mercedes-Benz, Michelin edo Basquevolt bezalako enpresen jarduera sendotu nahi dugu eta, berritasun gisa, zenbait hirigintza parametroren baldintzak malgutuko ditugu industrialdeetan, hala nola instalazioen erabilerak edo altuera, enpresa jarduera sustatzeko", zehaztu du alkateak.
Sustapen ekonomikoaren arloan, Telefonicak Alaba Jeneralaren kaleko 3. zenbakian eta Gasteiz hiribideko 69. zenbakian zituen garai bateko eraikinak hirugarren sektoreko erabileratara bideratzeko aukera jasotzen du dokumentuak. Gainera, horren bidez, "negozioak beheko solairuan ezartzea bultzatuko dugu, lehenengoan ezarri beharrean; eta ostalaritzako erabilerak baimenduko ditugu teilatu lauetan, hala nola Abastos Merkatukoan edo Europa Jauregikoan".
Bestalde, berritasunen artean, hutsik denbora asko daramaten eraikinen etxabeetan etxebizitzak eraikitzeko aukera irekitzen da, hainbat baldintza kontuan hartuta.