Palestinarekin bat egin dute Gasteizko ikastetxeek

Erredakzioa 2024ko mai. 10a, 19:00

'SOS Palestina' zabal batek hartu du Foru Plaza. Argazkia: Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma

'Palestinako umeak gureak ere badira' leloarekin, protesta jendetsua egin dute ikasle eta gurasoek Foru Plazan.

Palestinaren aldeko mobilizazio jendetsuak hartu du gaur Gasteizko Foru Plaza. Hezkuntza komunitatetik "kezka larriz" ikusten dute aurrekari historikorik gabeko egoera hau. "Ezin dugu normaltasunez onartu gizatasuna bera kolokan jartzen ari den genozidio hau, eta haurrak hezteko lanetan ari garen aldetik, ezin ditugu hezi datozen belaunaldiak oinarrizko giza eskubideen urraketa nabarmen hauek normalak diren ustetan".

Palestinako umeak gureak ere badira goiburu, Zisjordania eta Gazako haurtzaroaren oinazearen aurrean, "ankerkeria" normaltasunez ezin dela onartu azaldu dute parte hartzaileek, eta horregatik kalera ateratzeko beharra: "Datozen belaunaldiek jakin dezaten historiako alderdi zuzena aukeratu genuela". Izan ere, urriaz geroztik, Israelek 40.000 herritar baino gehiago hil ditu Gazan, eta beste ehunka Zisjordanian, erdia inguru haurrak: "Kopuru hori, gainera, biderkatu egingo da datozen hilabeteotan, itxura guztien arabera, blokeoaren ondorengo gosete eta gaixotasunen ondorioz".

Hainbat jarduera izan dira Palestinaren aldeko ekinaldian. Argazkia: Mitxel Elortza

Protestarekin bat egin dute San Martin, Zabalgana, Mariturri, Aldaialde, Toki Eder, Barrutia, Abetxuko, Aita Orbiso, Ibaiondo, Lakuabizkarra, Ramon Bajo, Adurtza, Salburua, Ikasbidea, Miguel de Cervantes, Errekabarri, Abendaño, Arantzabela eta Lopez de Gereñu ikastetxeek; Zabalgana eta Mendebaldea Institutoak; ELA, LAB eta Steilas Sindikatuak; eta Euskal Eskola Publikoaz Harro Plataformak.

Palestinaren kontrako Israelen erasoa hasi zenetik, zenbait mobilizazio antolatu dituzte Gasteizko hezkuntza arloko hainbat eragileek. 2023ko abenduan, esate baterako, Zabalgana auzoko hezkuntza komunitateak antolatutako ekimen batean, kandelekin SOS Palestina mezua osatu eta argazki masiboa atera zuten dozenaka ume eta familiak.

 

Protesta jendetsua izan da gaur arratsaldean, Foru Plazan. Argazkiak: Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide