Gero eta gertuago daude Gasteizko jaiak, hiru hilabete baino gutxiago falta dira jadanik. Jaiekin batera, EHUren Gasteizko campusera itzuliko dira txosnak. Aurten ere abuztuaren 3tik 9ra ospatuko dira jaiak, larunbatetik ostiralera bitartean, zazpi festa egun, zazpi txosna, hiru karpa, lau agertoki eta dozenaka kontzertu, ikuskizun eta emanaldi izango dira Gasteizko Txosnagunean.
Maiatzean zehar jakinaraziko dituzte Gasteizko Txosnetako hiru oholtza nagusietan —agertoki nagusia, Entxosnatu Karpa eta Gazte Karpa— arituko diren musika talde eta DJak. ALEAk jakin duenez, baieztapenak tantaka iritsiko dira ekainaren hasierara bitartean. Askotariko proposamenak izango dira, gustu eta estilo anitzekoak, baita sorpresaren bat edo beste ere. Txosnetako leloa aurten ere Entxosnatu, etorri gugana! izango da.
TALDEAK eta DJak
Orain arteko baieztapenak
NAKAR
Donostiako taldeak postpunk elektroniko doinuak ekarriko ditu aurten Entxosnatu karpara. Lehen aldia da txosnagunera hurbiltzen dela 2022an sortutako taldea.
CHILL MAFIA
Iruñerriko trap taldea Gasteizen izango da aurtengo jaietan. Probokazioa eta autotunea oholtza nagusian.
GATIBU
Rock talde bizkaitarra oholtza nagusian izango da aurten. Alex Sarduiren taldea lehen aldiz izango da Gasteizko Txosnagunean.
MICE
Miren Narbaizaren taldea izango da lehen kontzertua 2024ko Txosnetan. Gasteiztarrek Rock doinuz beteko dute Entxosnatu karpa.
XERULA
Gasteizko Xerulak girotuko du aurten ere Txosnagunea. Gazte Karpan izango da bere gau-jaia.
PERLATA
Arrasateko taldea Txosnetan izango dugu aurten. Kuir-Punk doinuekin zutik jarriko dute Txosnagunea.
DUPLA
Aguraingo Dupla bikotearekin dantza egiteko aukera izango dugu jaietan. Musika urbanoaren eremu ezberdinak eta Gasteizko Txosnen abestia gozatzeko parada oholtza nagusian.
TOOTH
Post-hardcore doinuak Txosnetan Gernika-Lumoko taldearen eskutik.
VUTRON
Dancehall and Klub, soinu eta dantza esplorazioa, Bizkaitik Gasteizeraino. Gazte Karpa dantzan jarriko du 'dantzall' kolektiboak.
AROSOUND
Aitor Arocena Gasteizko ekoizle eta DJak jai giroa ekarriko du Txosnetara bere musika elektronikoarekin.
SUDO
Aguraingo DJak saltoka jarriko du beste behin ere Txosnagunea. Aurten Gazte Karpan arituko da.
BENGO
Oiartzungo trapa Gasteizko jaietan. Entxosnatu karpan izango da entzuteko aukera.
ROSA MARI
Beste behin ere, mamarratxeoa eta tekno pornoa herriarentzat. Entxosnatu karpan aurten.
SUQLENT
Entxosnatu karpan izango dira Suqlent eta bere gau-jaia.
LAZTANA LAZTANA
Gasteizko Txosnetako Banda Lehiaketaren 2024ko Gazte Saria eskuratu zuen Laztana Laztanak. Merezitako lekua izango dute aurtengo Txosnagunean.
ELENA BARKER
Elena Barkerren musika elektronikoak dantzan jarriko du Gazte Karpa. Bilbotarraren doinuak lehen aldiz Txosnagunean.
LILURA
Lilura DJaren gau-jaia izango da aurten Txosnetako Gazte Karpan.
DJ PEZON
Beste urte batez Entxosnatu karpa dantzan jarriko du DJ Pezon bikote gasteiztarrak.