Judimendin "duintasunez" bizi nahi dutelako, mobilizatzera deitu dute Batuta elkartasun sarean antolatutako auzoko bizilagunek; eta maiatzaren 18an egun osoko egitaraua eta manifestazioa antolatu dituzte. Goizean zehar mahai ingurua eta Etxebizitzak itota dinamikaren aurkezpena egingo dute. 15:00etan herri bazkaria antolatu dute bertako produktuekin. 18:00etan, berriz, Judimendiko parketik abiatuko da manifestazioa Judimendin bizi nahi dugu lemapean. Eta ostean, kontzertu ibiltari bat izango dute auzoan zehar.
Maiatzaren 18ko eguna aurkezteko agerraldia egin dute Batuta sareko lagunek; Aranburutarren kalean dagoen zelai batean egin dute, bertan luxuzko etxebizitzak eraikitzeko akordioa berretsi du udalak duela gutxi, azaldu dutenaren arabera, eta horregatik aukeratu dute toki hori, "espekulazioaren beste adibide bat azaleratzeko". Etxebizitza "merkantzia"den bitartean, etxebizitzarako eskubidea ez dagoela bermatuta salatu dute.
Urtarriletik ekintza ezberdinak egin dituzte Batuta sarean antolatutako bizilagunek, eta etxebizitzaren inguruan dituzten arazo nagusiak identifikatu dituzte: kalean bizi diren auzokideak daudela atzeman dute; gazteak ezin direla auzoan emantzipatu; errolda eskubidea bermatuta ez duten auzokideak daudela; bizitzeko beharrezkoak diren oinarrizko ondasunak ez dituzten lagunak daude; eta ez dagoela familia nuklearraren eredutik kanpo dagoen etxebizitzarik.