ARABAKO EMAKUMEAK

Urkiola ahizpak; bi itzal, bi argi

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2024ko mai. 11a, 08:00

Elobey Chico, 1887an. Bertan egin zituzten behaketak Isabel eta Manuela Urkiolak. Argazkiak: FAMILIA VILALONGA SHELLY// WIKIMEDIA

Isabel eta Manuela Urkiola ahizpen ekarpen zientifikoa berreskuratu dute azken urteetan New Yorkeko Hofstra Unibertsitateko eta Extremadurako Unibertsitateko irakasleek. "Ez dituzte inoiz aintzat hartu". 

Manuel Iradier esploratzaile gasteiztar entzutetsuaren balentrien inguruan idatzi diren ehunka artikuluen atzean bi emakume handien historia ezkutatu dute; are gehiago, beste batzuk egin dira bi emakumezko horien lan zientifikoaren jabe. Iradierretik hasita. Izan ere Ekuatore Ginearako bidaien inguruan argitaratu zuen obra mardulean aipatu ere ez zuen egin Iradierrek Isabel Urkiola emazteak eta Manuela Urkiola koinatak egindako lan aitzindaria; eta modu horretan, nahitaez, betiko, ostrazismora zigortu zituen.

Gobernadorearen etxea, Fernando Poon. Argazkia: VILLALONGA SHELLY FAMILIA

Bere idazkietan, Afrikan egon ziren garaiari buruz aisialdiko jarduerak aipatzen ditu soilik esploratzaile gasteiztarrak emakumeen inguruan idazten duenean, eta egonaldi idiliko batez gozatu zuten irudipena zabaldu da horrenbestez. Arrantzan, lorategian, tea hartzen, pasieran ibiltzen, tximeleta ederrak biltzen eta egunsentiari eta arratsaldeari begira aritzen zirela dio; ahaztuz emakumezkoek egunero, 24 orduz, Ekuatore Gineako Elobey Chico uharte isolatuan, bizi baldintza gogorretan, egin zituzten behaketa meteorologiko zorrotzak eta jaso zituzten idazkiak.

"Europako ezagutza zientifikoaren oinarria jarri zuten Urkiola ahizpek"

Urte luzez bere egin zuen Iradierrek senideen lanaren emaitza. Ez zuen azaldu nork egin zuen Elobey Chicoko behaketa meteorologiko bakoitza, baina onartu zuen: "Ezinezkoa da baliabide gutxi dituen gizaki bakar batek behaketa astronomiko, geologiko, zoologiko, botaniko, mineralogiko eta abar guztiak hartzea". Hala ere, 1886ko maiatzaren 25ean Espainiako Errege Elkarte Geografikoaren aurrean emandako hitzaldi baten amaieran, honako hau adierazi zuen: "Bukatu baino lehen, aitorpen bat egin behar dut, ezkutatu nahi nuena. Nire lehen bidaietan lanpetuta nengoen basoak eta ibaiak arakatzen, mendiak eskalatzen eta tribuak bisitatzen. Nola ikus nitzakeen zutabe termometrikoa, udometroaren eskala, higrometroaren orratza, uraren lurrunketa, berunezko oszilazioak, haizeen norabidea eta hodeiak eta ekaitzak? Nik ez nituen ohar horiek egin. Meritua nire emaztearena da", esan zuen. Hankamotz geratu zen azken orduko onarpen horretan, Manuela Urkiola koinataren lana ez baitzuen inoiz aipatu. 

Ahanzturak markatu du Elosuko Domingo Urkiola Ruiz de Azua Gasteizko okinaren eta Azpeitiko Sebastiana Urtala Badiolaren alaben historia; eta horretaz gainera, haien bizipenei buruz dagoen informazio eskasa beren inguruko gizonen ahotik iritsi da egunerarte, emakumeen irudia desitxuratu arte. Hala, 1886tik 2000ko hamarkadara arte, Urkiola ahizpen ikerketen aipamenik ez da jasotzen inon; ez omenaldirik, ez plakarik, ez estatuarik, ez kalerik. Ezer ez 2022. urtera arte. Orduan, Gasteizko Udalak keinu txiki bat egin zuen, eta hiriko emakume erreferenteak berreskuratzeko proposamenaren barruan, Olarizu auzoaren alde berrian dagoen kale bati Isabel Urkiolaren izena eman zion. Keinu eskasa, halere, ahizpa berriro ere baztertu baitzuten.

Meteorologiaren hastapenak

Historia ofizialetik desagertu diren ehunka emakumeekin bezala, azken urteetan Urkiola ahizpen lana berreskuratzeko ahalegina egiten ari dira zenbait historialarik. Ikerketa esparru horretan, urkiolatarren ekarpen historikoa sakon aztertu duenetako bat Benita Sampedro Bizkaia da, New Yorkeko Hofstrako Unibertsitateko ikasketa kolonialetako irakaslea. Espainiako kolonialismoaren historian, batez ere XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran zentratu du bere lana Sampedrok, Afrikan, Latinamerikan eta Kariben. "Jakina, ikuspegi dekolonial edo postkolonial batetik interesatzen zait historia, baina baita generoaren gaia ere", azaldu dio Sampedrok ALEAri. 

Irakaslearen esanetan, Urkiola ahizpena ez da historiako aldi horretan ezabatutako emakumeen kasu bakarra. "XIX. mendearen amaieraz geroztik, Espainiako kolonialismoak Afrikan izan duen ibilbidearen uneren batean proiektu kolonialetan parte hartu duten emakume espainiarren beste adibide batzuk lantzen ari naiz; eta, beste kasu batzuetan, Espainiako antzinako inperioaren lurralde horietako emakume afrikarrak ere ikertu ditut, kulturaren, historiaren edo artearen hainbat alderditan paper garrantzitsua izan dutenak. Horiek ere ezabatu egin dira, beste narratiba bat lehenetsi delako", azaldu du irakasleak.

"Pentsaezina zen garai horretan emakumeek lan hori egin ahal izatea"

Gaur arte, artikulu ugari argitaratu ditu Hofstrako Unibertsitateko irakasleak Espainia inperialaren kolonialismoaren alde desberdinak aztertuz. Horien artean, 2019an, The colonial politics of meteorology: The West African expedition of the Urquiola sisters idatzi zuen, Isabel eta Manuela Urkiola ahizpek 1875ean egindako lan zientifikoa jasoz. "Historiak Urkiola ahizpen lana ahaztu duen arren, Afrikari buruz haiek bildu zituzten informazio meteorologikoek Espainiako eta Europako ezagutza zientifikoaren oinarria jarri dute", adierazi du Sampedrok. "Gutun meteorologikoak, zientziaren historiaren esparrutik, oso garrantzitsuak dira, Afrikako kontinenterako daukagun lehen dokumentazio zientifiko zorrotza delako". Izan ere, Sampedrok ziurtatu duenez, 60 urte geroago arte ez da maila horretako azterketa meteorologiko sistematikorik egin, Elobey uhartean egin zuten bezala.

Ehun orrialdeko testigantza

Sampedroren ildo beretik, Urkiola ahizpen lanaren garrantzia nabarmendu du ere Extremadurako Unibertsitateko Atmosfera Fisikoa, Klima eta Erradiazioaren Taldeko Aire ikertzaileen taldeak. Hauek, 2011n, Bulletin of the American Meteorological Society aldizkarian argitaratu zuten artikulu batean, emakume gasteiztarrek egindako meteorologia behaketa berreskuratu eta zabaldu zuten: "Urkiola ahizpek ez zuten inoiz bere lan meteorologiko zabalaren aintzatespen egokirik jaso. Bere behaketek eta egindako deskribapenek Ekuatore Afrikako lehen neurketa meteorologikoetakoetakoak izan ziren; eta ahizpek egin zuten ekarpen handia agerian uzten dute. Bere lana aitortzen dugu aldagai meteorologiko desberdin asko neurtu zituztelako, horietako batzuk zortzi aldiz eguneko, eremu babesgabe batean. Erregistro meteorologikoa laburra den arren, Ekuatore Ginean egindako lehen neurketetako bat da; Elobey uharte txikirako bakarra da; eta emakumeek horrelako lanak egin ahal izatea pentsaezina zen mundu batean egin zuten".

Extremadurako Aire taldeak azaldu duenez, bidaiei buruz argitaratu zuen liburuan, Iradierrek ehun orrialde baino gehiagotan taula meteorologikoak eta eguraldiari buruzko oharrak eta egunkariak txertatu ziuen. "Emakumeek zehatz-mehatz bildu zituzten garaiko klimatologia ezagutzeko oso interesgarriak diren aldagai meteorologiko ugariri buruzko datuak (tenperatura, presioa, prezipitazioa, hezetasun erlatiboa, haizearen abiadura eta norabidea, eguraldiaren egoera…)". Behaketak, idatzitako egunkariak eta ohar etnografikoak eta botanikoek Ekuatore Gineako kolonia espainiarraren bizi baldintzak ulertzeko oinarrizko erregistroak dira.

Baldintza gogorrak

Extremadurako Unibertsitateko taldeak zein Hofstrako Unibertsitateko Sampedrok berretsi dute lan zientifiko hori guztia Urkiola ahizpek egin zutela, eta ez Iradierrek. Are gehiago, bizi baldintza gogorretan ere lan egiteko ahaleginak egiten jarraitu zuen Isabel Urkiolak bere lehen haurdunaldian eta bi ahizpek pairatu ohi zituzten gaixotasunetan. Iradierren argitalpenek adierazten dutena baino zailagoa izan zen eguneroko erronkei aurre egitea emakumeentzat: "Elobey Chicon ez zuten urik, eta Elobey Grande uhartetik eraman behar zuten; benga eta ingelesa hitz egiten zuten pertsonen artean bizi ziren ahizpak, eta ez zituzten hizkuntz horiek ezagutzen; ez zuten esperientziarik bidaietan… Gainera, denbora luzea eman zuten Iradier noiz itzuliko zain, eta haren berririk jakin gabe. Isabel bere seme zaharraz haurdun zegoen bitartean, adibidez, ia hiru hilabetez egon zen kanpoan Iradier", azaldu du Sampedrok.
Hala eta guztiz ere, muturreko baldintza horietan, laborategi meteorologikoa martxan mantentzea lortu zuten emakumezkoek, zazpi hilabete luzez. "Niretzat argi dago Espainiako zientziari egotz dakiokeen lehen aurrerapen zientifiko hori ez zuela Iradierrek egin, ahizpek baizik, historian ezabatuak izan diren bi emakume. Liburuaren erredakzio gehiena ere, ziur aski, Isabelena da. Manuela pixka bat gazteagoa zela badakigu, eta Isabelekin elkarlanean aritu zela susmatzen dut, laborategiko lanetan eta idatzitako testuetan; landa lanak eta behaketa oharrak eskuz esku ere egingo zituzten", esan du Sampedrok.

Malabon, larriki gaixorik

Elobey Chicon zortzi hilabete eman ondoren,1876ko urtarrilaren 18an, Fernando Pooko –gaurko Bioko– gobernadorearen gutun bat jaso zuen familiak, hiriburura itzultzeko gonbita eginez. Elobeyko bizi baldintza gogorretatik eta osasun arazoetatik urrundu nahian, gonbidapena onartzea erabaki zuten, eta familia osoa Santa Isabelera –gaurko Malabo– mugitu zen, haur jaioberriarekin.
Iradierren idatzietatik ondorioztatu daitekeenez, lehen egunak zoriontsuak izan ziren familiarentzat. Hala ere, erosotasun gehiago izan arren, klima are suntsitzaileagoa aurkitu zuten."Hirurogeita sei sukar krisi jasan nituen Santa Isabelen, hogeita hamazazpi emazteak, hamasei koinatak eta hamabost alaba txikiak. Nire etxea ospitale bat izan zen", idatzi zuen Iradierrek. 1876ko azaroaren 28an, 15 hilabete besterik ez zituela, Isabela txikia sukarren ondorioz hil egin zen, eta 1877ko martxoan Espainiara itzuli ziren ahizpak, akituta.

Oraindik ez da Manuela Urkiolak idatzitako idazkirik aurkitu, eta horretan tematuta dago Sampedro

Sampedro familiaren bigarren etapa hori ere ikertzen ari da, eta hain zuzen Biokon egon ziren bitartean, irakaskuntzan egin zuten lanari buruzko artikulu berri bat prestatzen ari da une honetan, Isabel Urkiolak eskuz idatzitako hainbat gutun abiapuntu hartuta. "Santa Isabelera iritsi zirenean itxaropentsu zeuden oraindik, nahiz eta frustrazio asko izan gaixotasunengatik eta egoera ekonomiko sendorik ere ez dutelako". Sampedrok argitu duenez, Iradierrek ez zuen beste espediziokide batzuek jaso zuten finantziazioa, eta hein handi batean Fernando Pooko gobernadorearen laguntasunari esker atera ziren aurrera. "Airetik bizi ziren. Oso gutxitik", esan du ikertzaileak.

Hartara, bizitza aurrera eramateko, hiriburura iritsi zirenean, administrazioko lanpostu bana hartzea eskatu zuten Manuel Iradierrek eta Isabel Urkiolak, eta gobernadoreak maisu plaza bana eman zien. Iradierrek bitarteko irakasle gisa lan egin zuen, herriko eskola publikoan, bi urte baino pixka bat gutxiagoz. 1876ko urtarrilean hasi zen behar horretan, baina 1877ko abuztuan utzi behar izan zuen, "sukar batzuk zituelako". Isabel Urkiolak, berriz, irakasle postua lortu zuen herriko neskentzako eskolan. 1876ko abuztuan hasi zen lanean, eta 1877ko martxoan dimisioa eman zuen, senarrari emandako soldataren erdia baino gutxiago ordaintzen ziotelako, eta "iruzur" egin ziotelako. 

Aztertu dituen Isabel Urkiolaren sei bat gutunei esker jakin izan du Sampedrok Iradierri urtean 5.000 pezetako soldata ezarri ziotela; eta emazteari, berriz, 2.500 pezetakoa. Gainera, ezarritako 2.500 pezeta horietatik, bakarrik 1.250 pezeta ordaindu zioten. "Borroka bat hasi zuen Isabelek merezi zuen soldata eskatzeko, eta hainbat instantzia ere idatzi zituen. Instantzia horietan dio eskolan dagoenetik gora egin duela eskolatutako neskatoen kopuruak, oro har pozik daudela neskatoen guraso guztiak, tratu txarren praktika amaitu dela, eta eskolan oso giro ona dagoela". Halaber, gaztelania uhartean zabaltzen eta sendotzen laguntzen ari dela azpimarratzen du Urkiolak bere idazkietan. "Tokiko agintariei asko interesatzen zitzaien herritarrak gaztelaniaz hitz egiten hastea eta eskolara joatea, kolonia sendotzeko eta akulturazioaren moduetako bat zelako", azaldu du irakasleak.

Alta, Espainiako administrazioak ukatu egin zion Urkiolari soldata igoera, eta 1877ko martxoan, ia zortzi hilabete lanean eman ondoren, Espainiara itzuli zen Isabel, bere arreba Manuelarekin. "Isabelek, azkenean, uko egin zion eskolako plazari, bere ustez ez zelako bidezkoa ordaintzen ziotena. Salatzen du ez diotela ordaindu agindutako eta, gainera, soldata aldetik alde handia dagoela berari ordaintzen diotenaren eta senarrari ordaintzen diotenaren artean. Oso aldarrikapen garaikidea da hori, soldata-parekotasuna bilatuz. Sinestezina da. Istorio nahiko ezezaguna da".

Benita Sampedro Hofstra Unibertsitateko irakaslea.

Bigarren kapitulua, idazteke

Lan aldarrikapenaz beste, oraindino deskubritzeko dago Urkiola ahizpen historiaren alde asko. Tartean, Manuela Urkiola txikiak zer paper izan zuen, ahizpa nagusiaren laguntzailea izateaz gain. "Argi dago ezinbesteko izan zela, Isabelek bakarrik ezingo baitzuen lan guztia egin. Manuelak ere paper aktiboa izan zuen, eta uste dut oso laguntza garrantzitsua izan zela sukarrarekin zeudenean, haurra hiltzear zegoenean…. ". Halere, oraindik ez da Manuelak idatzitako idazkirik aurkitu, eta horretan tematuta dago Sampedro.

Tokiko biztanleekin zer harreman izan zuten ere ikertzeke du Hofstra Unibertsitateko irakasleak. "Emakume horiek harreman nahiko hurbila garatu behar izan zuten han zeuden emakume europarrekin; Elobey uhartean zeudenean misiolari presbiteriarren emazteekin; eta benga herriko emakumeekin ere harremanen bat izango zuten, baita Europako beste emakume batzuekin Fernando Poon egon zirenean ere". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago