Ia bi hamarkada bete ditu Kaldeartek, Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiak. 18. urteurrena ekaina hasieran ospatuko da eta Gasteizko kaleak beteko dituzte hiru egunez Euskal Herriko zein nazioarteko artistek. Gasteizko 5 konpainiak eskainiko dituzte ikuskizunak, 31 konpainia arituko dira guztira.
Berritasun gisa aurkeztu dute aurten Montehermosoko Ur Biltegia zena emanaldi batzuen kokaleku izango dela aurten. Bestalde, Plaza Berrira ere itzuliko dira Kaldearteko artistak, urte batzuetan erabili gabe egon ondoren. 2024ko edizioan ugaritu egin dira ikuskizun ibiltariak, hiru izango dira aurten kaleetan zehar bueltaka arituko direnak.
Inaugurazio ofiziala ekainaren 7an izango da, ostiralez, Andre Maria Zuriaren plazan. 22:30ean emango diote hasiera Les Filles du Renard Pâle konpainia frantziarraren Résiste ikuskizunarekin. Igande gauean, ekainak 9, Uparte konpainiak egingo du itxierako lana. Andre Maria Zuriaren plazan hau ere, 20:30ean antzeztuko dute Desprovisto obra eta hala amaituko da 2024ko Kaldearte erakustaldia.
Ostiraletik igandera 81 ikuskizun izango dira ikusgai. Egitarauaren aurkezpenean ohartarazi dute emanaldi batzuek edukiera mugatua dutela. Beraz, gonbidapena aurrez lortzea gomendatu dute, ordubete lehenago egongo dira eskuragarri. Egitarau osoa ikusteko aukera dago hemen.
Dantza garaikideko koreografia lehiaketa
Larrua Proiektuaren eskutik dantza garaikideari garrantzia berezia eman nahi izan diote antolatzaileek aurtengo Kaldearten. Harria koreografia lehiaketa aurkeztu dute, lehen aldia da halako bat egiten dena Gasteizen. Lehen edizioan 31 proiektu aurkeztu dira eta horietatik 4 hautatu dituzte Kaldearten lehiatzeko: Vertebrata, Bailaban las perolas, Dos pies para dos eta Henko. Guztiek igandean, hilaren 9an, eskainiko dituzte haien ikuskizunak, 11:00etatik aurrera Probintzia Plazan. Ondoren publikoaren lana izango da koreografia onena bozkatzea.