Palestinaren alde kanpatu dira ikasleak

Erredakzioa 2024ko mai. 7a, 17:43

IAk deituta, Palestinaren aldeko kanpaldia egiten ari dira Gasteizko EHUko campusean. Ostegunerarte luzatuko dute protesta.

IA Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduak antolatuta, Palestinaren aldeko kanpaldiei ekin diete hainbat ikaslek Hego Euskal Herriko unibertsitateetako campusetan. BDZ Euskal Herriak, Ikama ikasle mugimenduak, Ernai gazte antolakundeak eta LAB sindikatuak, besteak beste, bat egin dute kanpatzeko deiarekin.

Palestinatik jasotako azken albisteak ikusita, parte hartzaileek protestak ostegunera arte luzatzea erabaki dute Hego Euskal Herriko unibertsitate publikoetan. Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduaren arabera, 250 pertsona baino gehiago ari dira Euskal Herriko kanpaldietan parte hartzen, baina parte hartzea are handiagoa da antolatutako jardueretan.

Palestinaren aldeko kanpaldiak egiten ari dira mundu osoko milaka ikasle. Duela aste batzuk sortu zuten Students For Gaza mundu mailako mugimendua, eta New Yorkeko Columbia unibertsitatean hasitako kanpaldiak mundu osora hedatu dira, baita Gasteiza ere.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago