Forondako aireportuaren industrialdea (VIAP) eraikitzeko proiektua gauzatzen ez den bitartean, Estarroako eta Gereñako nekazariek lurrak landatu ahalko dituzte. Eskaera hori egin diote Arabako Batzar Nagusiek aldundiari; eta modu berean, eskatu diote bitartekari izan dadila Sprilurren eta Estarroa eta Gereñako Administrazio Batzarren arteko negoziazioan.
EH Bilduk aurkeztu du ekimena, eta EAJrekin eta PSErekin adostu ondoren aurrera atera da, PPren aldeko bozkekin eta Elkarrekin Araba taldearen abstentzioarekin.
EH Bilduk azaldu duenez, gaur egun lursail horien jabea Sprilur da. VIAP eraikitzen duten bitartean, laborantzarekin jarraitzeko asmoz, negoziazio bat ireki zen Araba Garapen Agentziaren eta Estarroako eta Gereñako administrazio batzarren artean. Alta, herriek uko egin diote Sprilurrek aurkeztutako akordioa sinatzeari, VIAPen garapenarekin lotutako neurriak errekurritzeari uko egitea eskatzen zitzaielako; eta administrazio batzarrek beren eskubideentzat kaltegarritzat jotzen zuten eskaera hori.
Mozioan, Arabako Batzar Nagusiek Sprilurri eskatu diote Estarroarekin eta Gereñarekin akordio bat lortzea eragotzi duen klausula baldintzatzaile hori ezabatzeko; eta lursail horiek landatzen jarraitzea ahalbidetzen duen akordioa sinatzeko. Halaber, Arabako Batzar Nagusiek babesa ematen diote VIAP garatzeari, "lurraldearen dibertsifikazio ekonomiko eta industriala bultzatzeko".