Maria Sarmiento plaza eraberritzeko obrak hasiko dira asteon

Erredakzioa 2024ko mai. 6a, 16:25

Maria Sarmiento plazaren eraberrikuntza aurkeztu du Artolazabalek. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Plazaren estetika hobetuko dute: zoladura berriak jarriko dituzte, altzari berriak, eta iturri bat eraikiko dute.

El Corte Ingles ondoan dagoen Maria Sarmiento plaza osorik eraberritzeko lanak asteartean hasiko direla iragarri du Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak.

Ia 764.000 euroko inbertsioa egingo dute lan hauetan, Next Generation funtsetatik datorren Europako finantzaketari esker. Lanen helburu nagusia plazaren estetika hobetzea izango da: zoladura berriak jarriko dituzte, altzari berriak, iturri bat eraikiko dute, berdegune berriak sortuko dituzte eta landaredia izango duen parterre berri bat sortuko dute. Argiztapena, saneamendua eta drainatzea ere berrituko dituzte. Artolazabalen hitzetan, "erdiguneko plaza honi buelta bat eman nahi diogu: irudi berria. Itxura grisa du gaur egun, triste samarra, eta, berritu eta erakargarriago bihurtu nahi dugu. Inguruko bizilagunentzat, hemen paseatzen dugun guztiontzat eta inguruko saltokientzat erakargarriagoa den gune bihurtu nahi dugu".

Obrak sei hilabeteko epea du, eta bi fasetan egingo dute. Plaza honen erdigunetik hasiko dituzte lanak eta, lan horiek aurreratuta daudenean, gainerakoei ekingo diete. Azalera, guztira, 1.470 m2-koa da.

Alkateordeak bilera egin du gaur goizean Abastos Plazako, El Corte Ingleseko, Taxilarien Elkarteko, Gasteiz On elkarteko eta Aenkomerreko arduradunekin, lanei buruzko xehetasunak emateko eta izan ditzaketen zalantzak argitzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago