Armentia ikastolarainoko bidegorriaren lanak hasi dituzte

Erredakzioa 2024ko mai. 6a, 09:31

"Eskola ingurune seguruak sustatzeko estrategiari" lotuta dago azpiegitura. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Ikastetxearen "ateraino" bizikletaz iristea ahalbidetuko du azpiegitura berriak.

Armentia ikastola Zabalgana hiribidearekin eta Fontetxako Gazteluaren kalearekin lotuko duen bidegorri berriaren lanei ekin die gaur Gasteizko Udalak. Bidegorria bera egiteaz gain, semaforo bidez araututa dagoen oinezkoentzako pasabidea lekuz aldatuko dute, sarrera nagusiaren parean jarriz.

Lanek 118.000 euroko aurrekontua dute, eta hiru hilabetean bukatzeko asmoa dute. Udalaren arabera, "eskola ingurune seguruak sustatzeko estrategiari" lotuta dago azpiegitura berria. Ikastetxeak udalari egindako eskaeretako bat da bidegorria.

Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzi Beatriz Artolazabalek nabarmendu du Ariznabarratik, Zabalganetik edo hegoaldetik ikastolara doazen "ikasle guztiei garraioa erraztuko" diela azpiegitura berriak, eta, modu horretan, bizikletaz "ateraino" iritsi ahalko dela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago