Eragiteko janzten

"Lan mundua euskaratzea guztion ardura da"

Erredakzioa 2024ko api. 16a, 06:00

Bergoi Madernaz, Bai Euskarariko aholkulariak, euskarak eremu sozioekonomikoan duen egoera eta beharrak partekatu ditu aurtengo Eragiteko Janzten zikloaren formatu berrituan. Itziar Lakarra Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikariarekin aritu da solasean.

Aurreko urteetako hitzaldi saioak alde batera utzi eta arlo digitalean jarri nahi izan ditu indarrak Eragiteko Janzten zikloak. Modu honetan, publiko berrietara iritsi nahi dute, Euskaltzaleen Topaguneak, GEU eta Lazarraga elkarteek eta ALEAk. Helburu nagusia ez da aldatu: Gasteizko eta Arabako euskaltzaleen "elkar ezagutza areagotzea", bide horretan "sinergia eta elkarlan eraginkorrerako aukerak zabaltzeko". Horrekin batera, euskararen normalizazioan egiten duten eragileen lana jaso, ikusarazi eta komunikatu nahi dute, bai eta ohikoa ez den "publiko zabalago batera" iritsi ere, euskalgintza gertutik bizi ez duten herritarrengana formatu "arin eta freskoagoen bidez" heldu asmoz.

Arlo ezberdinetan jarduten duten eragileetako ordezkariek parte hartuko dute bideoetan, bi eragileren arteko elkarrizketa arinekin. Gasteizen eragile asko daudela aintzat izanda, antolatzaileek laginketa bat egin behar izan dute, euskararen inguruan ahalik eta ikuspegi zabalena jasotzeko. Edizio honetan parte hartuko dutenak hauek izango dira: AEK, Oreka IT, Bai Euskarari, Zabalgana Euskara Taldea (ZET), Gasteizko euskara zerbitzua, GEU elkartea, Txagorritxuko ZIZTA euskara taldea, Aldaiaberri Guraso Elkartea, Gaztedi Rugby Taldea eta Lazarraga kultur elkartea.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago