Gaza eta Zulueta, Orbainen maiatzeko dokumental zikloan

Erredakzioa 2024ko mai. 3a, 14:44

'Gaza, jóvenes bajo la ocupación' dokumentala.

Maiatzaren 7an hasiko da zikloa, Gazaren inguruko hiru dokumental laburrekin.

Orbain kultur elkarteak, beste hilabete batez, Doku-Mental zikloa eskainiko du maiatzean. Gazako genozidioa, Julian Zulueta esklabistaren historia eta emakumeen gorputzen tratamendua zineman izango dira gaiak dokumentaletan, eta hileko rock and roll eskaintza ez da faltako El Pintalabiosen eskutik.

Maiatzaren 7an, Genozidioa Gazan izenburupean, hiru dokumental labur eskainiko dituzte, 19:00etan. Carlos Bover Martinez eta Julio Perez del Campok zuzendutako Gaza; Armelle Loiseauk eta Agnes Varraine-Lecak zuzendutako Gaza, jóvenes bajo la ocupación; eta Carlos D'Ursiren Yala. Arabako BDZko Esther Muñoz kideak gidatuko du dokumentalen osteko solasaldia. Gainera, Gorka Hierrok Palestinaren alde egindako zurezko eskultura bat zozketatuko dute.

Maiatzaren 14an, berriz, Angel Katarainek zuzendutako Zulueta, Azúcar Moreno dokumentala ikusi ahal izango dute Navarro Villosladako aretora batzen direnek. Ondorengo solasaldian Gladys Giraldok eta Tony Cuhnak parte hartuko dute, Contrapunto taldeko kideak biak.

Maiatzaren 21ean, Nina Menkesen Manipulación: sexo, cámara y poder ikusi ahal izango da; oraindik ez dute zehaztu dokumentalaren osteko solasaldia nork gidatuko duen. Eta maiatzaren 28an, Jose Luis Blanco eta Fernando Lopez de Heredia Hala Bedi irratsaioko El Pintalabios saioko aurkezleek gomendatutako dokumentala eskainiko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago