Patinete elektrikoek espaloitik kanpo joan beharko dute

Erredakzioa 2024ko mai. 3a, 12:45

Halabeharrez bidegorrietatik edo errepidetik joan beharko dute patineteek. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Behin Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, bihar sartuko da indarrean patinete elektrikoen erabilera erregulatzen duen udal araudi berria. 

Hemendik aurrera patinete elektrikoek ezingo dute espaloia hartu Gasteizen, eta garraio hori erabiltzen duten herritarrek errepidetik, bidegorritik edo tranbiaren bidetik joan beharko dute, 25 km/h-ko gehienezko abiaduran, kaskoarekin. Hala zehazten du larunbat honetan indarrean sartzekoa den udal araudi berriak. 

Adinari ere erreparatu dio araudiak, 15 urtetik gorakoei baino ez dietelako onartuko patinete elektrikoa erabiltzea Gasteizen.

Martxoaren 15ean onartu zuten araudia Gasteizko osoko bilkuran, EAJ, PSE eta PP taldeen aldeko botoekin, eta gaur argitaratu dute Arabako Aldizkari Ofizialean.

Araudia proposatu zuen PP alderdiak ohar batean esan du orain arteko egoerak "bizikidetza arazoak" sortzen zituela, eta "benetako arriskua" zirela. PPk emandako informazioaren arabera, 2023an 279 istripu egon ziren hirian, 172 zauriturekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago