Palestinarekiko haurrekin elkartasuna adierazteko mobilizaziora batu dira San Martin, Zabalgana, Mariturri, Aldaialde, Toki Eder, Barrutia, Abetxuko, Aita Orbiso, Ibaiondo, Lakuabizkarra eta Lopez de Gereñu Ikastetxeak; Zabalgana eta Mendebaldea institutuak; ELA, LAB eta Steilas sindikatuak; eta Euskal Eskola Publikoaz Harro Plataforma.
"Uste dugu garaia dela erakusteko gasteiztarrok ez garela ezaxola Palestinako haurtzaroaren oinazearen aurrean, eta ez gaudela prest gure haurrek ankerkeria hau normaltasunez onar dezaten. Horregatik, kalera ateratzeko beharra ikusten dugu, datozen belaunaldiek jakin dezaten historiako alde zuzena aukeratu genuela", adierazi dute.
Palestinaren kontrako Israelen erasoa hasi zenetik, Gasteizko hezkuntza arloko hainbat eragilek mobilizazioak egin dituzte hiriburuan. 2023ko abenduan, esate baterako, Zabalgana auzoko hezkuntza komunitateak antolatutako ekimen batean, kandelekin SOS Palestina mezua osatu eta argazki masiboa atera zuten dozenaka ume eta familiak. Martxoan, berriz, Lakuabizkarra, Toki Eder, Barrutia, Abetxuku, Padre Orbiso, Ibaiondo eta Mendebaldea ikastetxetako hezkuntza komunitateak Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizatu ziren.
"Gasteizko hezkuntza komunitatetik kezka larriz ikusten dugu aurrekari historikorik gabeko egoera hau, eta uko egiten diogu normaltasunez onartzeari. Ezin dugu normaltasunez onartu gizatasuna bera kolokan jartzen ari den genozidio hau, eta haurrak hezteko lanetan ari garen aldetik, ezin ditugu hezi datozen belaunaldiak oinarrizko giza eskubideen urraketa nabarmen hauek normalak direlako ustetan".