Gasteizen aurkeztu dute, gaur goizean, Itzulia Women lasterketaren hirugarren edizioa. Gasteizko alkate Maider Etxebarriak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, eta Alaitz Biritxinaga lasterketaren zuzendariak eman dituzte probaren xehetasunak.
Jakina zen bezala, maiatzaren 10etik 12ra jokatuko da lasterketa, eta hiru etapa izango ditu, guztira 358,9 kilometroko ibilbidea eginez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Antolakuntzaren arabera, Itzulia Women lasterketaren hirugarren edizioa "menditsuagoa izango da". Hala, 9 mendikate puntuagarri izango ditu: lehen kategoriako bat, bigarren kategoriako bi eta hirugarren kategoriako sei mendate.
Lehen etapa Gasteiztik abiatuko da, eta helmuga Gipuzkoako Elgoibar udalerrian izango du. Huraxe izango da etapa luzeena eta mailen arteko alde handiena izango duena: 140 kilometro eta hiru mendate puntuagarri. Bigarren etapa, Basauri-Basauri, 104 kilometrokoa izango da eta hiru mendate puntuagarri izango ditu. Azkenik, hirugarren etapa 114,9 kilometrokoa izango da. Gipuzkoako hiriburuan hasi eta amaituko da, eta Donostiako Klasikoaren ibilbidea izango du.