gasteizko euskara plana

Gazteen jarduera ludikoak eta baliabide gutxien dituztenak, ardatz

Erredakzioa 2024ko api. 23a, 12:30
Hurrengo lau urteetako euskara plana onartu du udalak. Argazkia: ALEA

Gasteizko udal gobernuak 2028ra arteko Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartu du. Euskararen erabilera sustatzeko 68 neurri bildu ditu.

Gasteizko udal gobernuak euskararekin lotuta dauden erronkak definitu berri ditu Aroa izeneko Euskara Sustatzeko Ekintza Planarekin batera. Sail edo arlo bakoitzean udalak eta gizarte eragileek jorratzen dituzten ekintzak eta lan ildoak finkatu ditu, horrenbestez. Gaurtik eta 2028ra arteko plana da, eta honako jarduera esparruak izango ditu: arlo sozioekonomikoa, aisialdia eta denbora librea, hezkuntza, familia transmisioa eta helduen euskalduntzea.

"Herritarren beharrak detektatu ondoren, tresna horri esker, euskararen erabilera sustatzen duten ekintzak ezarri ahal izango ditugu. Erronka nagusietako bat da gazteei hezkuntza esparrutik kanpo hizkuntza garatzea eta haien hizkuntza gaitasuna hobetzea ahalbidetuko dien gune ludikoak eskaintzea", azaldu du Euskara zinegotzi Maria Nanclaresek.

Hurrengo lau urteotan Aroa plana ezarrita, beste hainbat neurriz gain, saltokiekin lan egitea eta migratzaileei arreta ematea ekarriko aurreikusi dute. "Justizia soziala da Plan berriak biltzen dituen balioetako bat eta baliabide gutxien dituzten pertsonengan izango du eragina bereziki", azaldu du Nanclaresek. Ekintza horiek Euskarako Udal Zerbitzuak udaleko gainerako sailekin, beste erakunde batzuekin, eta inplikatutako sektore guztietako gizarte erakundeekin batera landu eta jorratuko dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide