Buru osasuna zaintzeko liburua ondu dute ehunka gaztetxok

Erredakzioa 2024ko api. 22a, 13:04
Gasteizko udaletxean aurkeztu dute liburua. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Udalak zazpi ikastetxerekin landutako tailer baten emaitza da Osasun hitzak liburua.

Haurren artean buru osasunaren zaintza bultzatzeko Osasun hitzak izeneko liburua idatzi eta ilustratu dute Gasteizko ikastetxeetako 635 neska-mutilek.

Gasteizko Udalak zazpi ikastetxerekin antolatutako tailer baten emaitza da orain aurkeztutako liburua. Lehen Hezkuntzako 4. mailatik 6. mailara bitarteko ikasleek ondu dute. Zehazki, Abendaño, Armentia, Barrutia, Hogar San Jose, Judimendi, Odon Apraiz eta San Inazio ikastetxeetako ikasleak izan dira egitasmoan parte hartu dutenak.

Udalak argitu duenez, hiriko haurren eta nerabeen egoerari buruzko azterlan batetik abiatu zen proiektua. Azterlan horrek "buru osasuneko arazoak dituzten neska-mutilen eta nerabeen ehuneko handia" detektatu zuen. 

Raimundo Ruiz de Escudero Gizarte Politiken zinegotziaren hitzetan, helburuetako bat izan da "haurren buru osasunerako ohitura onak sustatzea". Modu berean, "irakurzaletasuna eta sormena" bultzatu nahi izan dituzte ere. "Haurrek pertsonaiak eta istorioak asmatu dituzte beren buru osasunerako hain garrantzitsuak diren alderdiak lantzen ari zirela, hala nola emozioen identifikazioa eta kudeaketa, entzutea, adieraztea, negoziatzeko eta adosteko trebetasunak eta abar", azaldu du zinegotziak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide