Olarizuko pediatria zerbitzua, arriskuan

Erredakzioa 2024ko apirilaren 19a

Olarizuko osasun zentroa. Argazkia: GOOGLEMAPS

Adurtzako auzo elkarteak ohartarazi du osasun zentroan ez dutela maiatzerako pediatria hitzordurik ematen. Idazkiak bidaltzen ari dira Osakidetzara.

Gasteizko Olarizuko osasun etxean pediatria zerbitzua mantenduko duten zalantza agertu du Adurtzako auzo elkarteak. Izan ere, iragan astean jakin zuten osasun zentroan ez dutela maiatzerako pediatria hitzordurik ematen, "arratsaldeko txandan behintzat".

Gaur dagoen pediatrak alde egingo duela jakin izan dute bizilagunek, eta oraindik ez dakite ordezkorik izango den zerbitzua emateko. "Familiek pediatria zerbitzua beste osasun zentro batzuetan jaso behar izatea ere gerta litekeela esan digute". Egoera ikusirik, idazkiak bidaltzen ari dira Osakidetzara, eskatzeko behar diren baliabide guztiak jar ditzala hiriko hegoaldeko auzoetako umeentzako pediatria zerbitzua bermatzeko.

Bizilagunek azaldu dutenez, Olarizuko osasun zentroak oso eremu zabal bateko haurrei ematen die arreta, eta batzuentzat –Goikolarrako familientzat, batez ere– Olarizuko zentroa bera etxetik urrun samar dago. Beraz, "urrutiago dagoen zentro batera joan behar izatea arazo handia izan daiteke familientzat".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago