Lan istripuen atzean, patronalaren eta instituzioen "utzikeria" dagoela salatu dute euskal intersindikala osatzen duten sindikatuek. Gasteizen, gaur goizean egindako elkarretaratzean, azpimarratu dutenez, 2024an dagoeneko 20 euskal herritar hil dira lan istripuz, azkenak iragan asteburuan; Nafarroako garraiolari bat zendu zen Lleidan eta langile autonomo bat Gasteizen. "Urteak daramatzagu salatzen patronalak ez duela lan osasunerako araudia betetzen, eta agintariek beste alde batera begiratzen dutela. Ekuazio horretan autonomoak dira azken katebegia", azpimarratu dute.
Oso kritiko zuzendu zaizkie LAB, ESK, EILAS, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek Iñigo Urkullu lehendakariari eta patronalari, lan heriotzen aurrean duten jarreragatik eta egiten ari diren politikagatik. "2012ko abenduan, kargua hartu zuenetik, 444 langile hil dira lan istripuetan. Hau da Urkulluren legatua, bere zerrenda beltza. Askotan ikusi dugu lehendakaria bere lagun enpresariekin, absentismoa izan du askotan hizpide, sindikalisten aurrez aurre jartzen…, baina ezer ez lan istripuen inguruan. 444 langile ez dira bueltatu etxera bizirik eta lehendakariak ez du egin inolako adierazpenik, ez du hartu erabakirik eta babestu du patronalaren inpunitatea", esan dute.
Beraz, erabateko aldaketa exijitu dute sindikatuek hurrengo legegintzaldiari begira. "Patronalak legea urratzeko duen inpunitatearekin amaitu behar da; eta langileon bizitza eta osasuna agenda politikoan egon behar dira".