Mendizorrotza barrutik ezagutzeko bisita gidatua antolatu du Udalak

Erredakzioa 2024ko api. 18a, 08:34

Argazkia: MarcosMarinM - WIKIPEDIA

Futbol zelaiaren mendeurrena ospatzeko, herritarrek Alavesen etxearen bazterrak gertutik ezagutzeko aukera izango dute.

Apirilaren 23 eta 30ean bisita gidatuak antolatuko dira Mendizorrotza bertatik bertara ezagutu ahal izateko. Urteurrena aitzaki hartuta, Udal kirol zerbitzuak 3 bisita gidatu antolatu ditu eta bertaratzen direnek prentsa-aretoa, eremu mistoa, aldagelak, zelaira iristeko tunela eta jokalarien aulkiak ezagutzeko aukera izango dute. Bisita amaitzeko, gainera, Alaveseko jokalariekin eta maskotarekin, Babazorrorekin, argazkia aterako dute.

Guztira 150 lagunek izango dute esperientzia horretaz gozatzeko aukera eta zozketa bitartez erabakiko dira 75 sarrera bikoitz horien irabazleak. Zozketan parte hartu nahi dutenek izena eman ahal izango dute hilaren 20ra arte, Udalaren webgunean jarriko den formularioaren bitartez. Irabazleen izenak apirilaren 22an ezagutzera emango dituzte.

Lagunarteko partida

Bestetik, Udal kirol zerbitzuak emakumezkoen kirola sustatzeko aukera ere baliatu nahi izan du eta lagunarteko partida antolatu du Deportivo Alavés Gloriosas eta Athletic Clubeko emakumezkoen taldearen artean. Maiatzaren 1ean izango da partida (17:00) eta Mendizorrotzera doan sartzeko aukera izango da, gonbidapen bidez. Gonbidapenak Alavesen denda ofizialean jaso ahal izango dira, astelehenetik aurrera. Gainera, Udalak 1.300 gonbidapen banatuko ditu hiriko ikastetxeetako ikasleen artean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago